Gizartea -

Algecirasko badia

Gibraltarren hondoa jo duen ontziak fuel olio isuria izan duela baieztatu du bertako gobernuak

Exekutiboaren arabera, fuel "kopuru txiki bat" atera da perimetratutako eremutik, baina bertaratu diren urpekariek haizebideetako batean zabaldutako zuloa ixtea lortu dute. Hala, isuria "geldiarazteko prozesuan" ari dira jada.

Isuriaren argazkia, airetik ikusita. Argazkia: EFE
Isuriaren argazkia, airetik ikusita.
Isuriaren argazkia, airetik ikusita. Argazkia: EFE

Agentziak | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gibraltarko Portu Agintaritzak baieztatu duenez, kostaldean hondoa jo duen OS35 ontziak fuel olio isuria izan du gaur. Itsasontziak beste ontzi batekin egin zuen talka Algecirasko Badian, eta ordutik, ibilgetuta dute.

Gibraltarko Gobernuak ohar batean azaldu duenez, fuel "kopuru txiki bat" atera da ezarritako babes hesitik harago. 

Inguruan datuen erreskate taldeek, baina, isuria nondik gertatu den topatu ahal izan dute. Antza, ontziaren erregai tankeen arnasguneetako batean zuloa egin da. Arnasguneak zigilatuta zeuden, baina ontziaren parte bat hondoratzean, zati bat askatu da.

Exekutiboaren arabera, urpekariek zuloa berriro estali dute, eta, hortaz, isuria "geldiarazteko prozesuan" ari dira jada.

Gibraltarko Portu Agintaritzako zein Espainiako Itsas Salbamenduko taldeak ari dira isuria kontrolatzeko lanetan. Horretarako bigarren hesi bat jarriko dute, fuela gehiago barreia ez dadin. Era berean, hainbat skimmer (uretara jausitako hidrokarburoak biltzeko gailuak) erabilita, fuel olioa biltzen ari dira. 

OS35ek 215 tona fuel olio astun, 250 tona gasolio eta 27 tona olio lubrifikatzaile ditu. Adam LNG ontziarekin talka egin zuen astelehenean Algecirasko Badiatik ateratzeko maniobrak egiten ari zenean. Portu Agintaritzak Gibraltarko haitzaren ekialderantz zuzendu zuen OS35 ontzia, bertan ibilgetu, eta hondoratzeko arriskua ahal zen neurrian murrizte aldera.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Andaluzia Erresuma Batua Espainia Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Ingurumena Erregaiak Euskal Herriko kutsadura gaur