Gizartea -

aurtengo laugarren fokua

Hegazti-gripearen kasu berri bat antzeman dute Bizkaian jasotako zanga batean

Hegaztiei eragiten die nagusiki birusak, eta ez du inolako arriskurik suposatzen hegazti jatorriko elikagaiak kontsumitu dituzten pertsonentzat.

Zanga bat Mantxako Kanalean, Frantziako iparraldean. Argazkia: Mario Modesto Mata
Zanga bat Mantxako Kanalean, Frantziako iparraldean. Argazkia: Mario Modesto Mata
Zanga bat Mantxako Kanalean, Frantziako iparraldean. Argazkia: Mario Modesto Mata

agentziak | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailak Patogenotasun Handiko Hegazti Influenza H5N1 kasu bat antzeman du, hegazti-gripea alegia, Bizkaiko Foru Aldundiko basozainen zerbitzuak Muskizko Arena hondartzan jasotako zanga zauritu batean.

Erakundeak Irekia atarian argitaratutako informazioaren arabera, Gorlizko Fauna Basatia Sendatzeko Zentrora eraman zuten zanga, eta gaixotasun posibleak hautemateko laginak hartu zizkioten bertan, hegazti Influenzan positibo eman zuelarik.

Hegaztia isolatu zuten orduan, eta hilik agertu zen hortik hiru egunera. Hegaztiaren birus kasua berretsi ostean, Eusko Jaurlaritzak horren berri eman dio hegazti sektoreari, eskortako hegaztiak basatiekin nahastea saihestu dezaten, kutsaketak ekiditeko.

Ingurumen Sailak gogora ekarri duenez, hegaztiei eragiten die nagusiki birusak, eta ez du inolako arriskurik suposatzen hegazti jatorriko elikagaiak kontsumitu dituzten pertsonentzat.

Euskadin ez zuten gaixotasun honen fokurik antzeman 2006tik iragan maiatzera arte. Bi kasu positibo baietsi zituzten orduan Gipuzkoan agertutako bi saietan, Matxinbentan eta Aiako Harrian, hurrenez hurren.

Uztaileko azken astean ere, Donostia inguruan gaixorik aurkitutako zanga batek positibo eman zuen hegazti-gripean; hortaz, kasu berri honekin lau lirateke Euskadin aurten antzemandako fokuak, eta lehenengoa Bizkaian.

Azken urteotako hegazti-gripe epidemia larrienetako bat bizitzen ari da Europa azkenaldian, 36 herrialdetan 5.530 kasu antzeman dituztelarik guztira.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bizkaia Gaixotasunak argazkiak Gizartea Eguneko albisteak Eguneko albisteak Animaliak Gripea azken ordukoa