Gizartea -
Indarkeria matxista
Gaur hasiko da Abanton emaztea eta alaba ustez hil zituen gizonaren kontrako epaiketa
Duela bi urte pasatxo jazo zen hilketa matxista bikoitza, 2020ko martxoan, hain zuzen ere. Zinpekoen epaimahai batek epaituko du auzia. Ustezko hiltzailea, 62 urtekoa, kartzelan dago ordutik.
Agentziak | EITB Media
Herri epaimahai batek epaituko du Bizkaiko Lurralde Auzitegian gaurtik aurrera, hilaren 12tik aurrera, 2020ko martxoaren 10ean Abanton (Bizkaia) emaztea eta alaba ustez hil zituen gizonaren kontrako auzia.
Fiskaltzak 24 urteko kartzela zigorra eskatu du akusatuarentzat emaztearen hilketagatik, eta 23, alabaren hilketagatik. Azpikeriaz egindako hilketen delitua egotziko dio, ahaidetasun eta genero astungarriekin. Akusazio partikularrak 25na urteko kartzela zigorra eskatu du bi hilketengatik.
Epaiketak hainbat egun iraungo ditu. Hilketa matxista bikoitza gertatu eta biharamunean topatu zituzten hilotz 54 eta 24 urteko bi emakumeak Bizkaiko udalerriko etxebizitza batean. Gorpuek indarkeria zantzuak zituztela eta, ikerketa zabaldu zuen Ertzaintzak eta egun berean atxilotu zuen gizona, hiltzailea zelakoan.
Atxilotutakoa Portugaleteko trasteleku batean topatu zuten agenteek, korderik gabe. Antza, hainbat pilula hartu zituen bere buruaz beste egiteko asmoz. Gizonezkoa espetxean egon da ordutik.
Epaiketaren lehen egunean, zinpekoen epaimahaia aukeratu eta osatuko dute. Biharamunean, aurretiazko txostenak aurkeztuko dituzte aldeek, eta 62 urteko akusatua galdekatuko dute.
Irailaren 14an, 15ean eta 20an, lekukoen testigantzak jasoko dituzte, eta 21ean, adituenak. Hilaren 22an, euren ondorioak aurkeztu beharko dituzte aldeek, eta lau egun geroago, 26tik aurrera, zinpekoen epaimahaiak epaia eman beharko du.