Gizartea -

2022ko txertaketa-kanpaina

Martxan da gripearen eta covid-19aren txertaketa kanpaina EAEn

Txertoa jasotzen lehenak egoitzetako egoiliarrak izango dira, gaurtik hasita. Ondoren, arrisku-kolektiboetako pertsonei emango zaie lehentasuna urriaren 3tik aurrera. Gainerako biztanleek azaroaren 1etik aurrera egin ahal izango dute.

Txertaketa kanpaina. Argazkia: EFE.
Txertaketa kanpaina
Hasi da txertaketa bikoitza EAEko adineko zentroetan

01:29

Naiara Ballesteros | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gripearen eta covid-19aren aldi bereko txertaketa kanpaina gaur, irailaren 26an, abiatu da EAEn adinekoen egoitzetan, Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak joan den astean jakinarazi zuenez.

Egoitzetako egoiliarren ostean, txertoa jasotzen lehenak arrisku handiena duten pertsonak izango dira; 65 urtetik gorakoak, patologiaren bat duten pertsonak, haurdun dauden emakumeak eta osasun langileak, gizarte zerbitzuetako langileak edo pertsona kalteberen zaintzaileak.

Hitzordua eskuratzeko bide bi prestatu dira: Osakidetzaren webgunearen bidez edo osasun zentrora deituz. Biak urriaren 3tik aurrera egin ahal izango dira. Txertoa hartu nahi duten gainerako herritarrek azaroaren 1etik aurrera hartu ahal izango dute. Aldi berean, kolektibo sanitario eta soziosanitarioaren txertaketa antolatuta dago.

Sailburuak joan den ostiralean aurkeztu zuen 2022ko udazken-negurako gripearen aurkako txertaketa kanpaina, bi birusak geldiarazteko tresnarik onena delakoan.

Itziar Larizgoitia Osasun Publikoaren eta Adikzioen zuzendariak azaldu zuenez, azken bi denboraldietan gripearen birusaren eraginpean egon ez garenez, baliteke herritarrek immunitate naturalaren zati bat galdu izana, gripearen birusa gehiago barreiatzea erraztuz.

Nola eskatu hitzordua?

Txertaketa Osakidetzako osasun zentroetan egingo da, ohi bezala. Hasiera batean, arrisku-kolektiboetako pertsonei emango zaie lehentasuna. Horregatik:

Arrisku-kolektiboko kide bazara: eskatu hitzordua Osakidetzaren webgunearen bidez edo zure osasun zentrora deituz. Datorren astelehenetik, 26tik, aurrera egin ahal izango duzu.

Arrisku-kolektibokoa EZ bazara: itxaron azaroaren 1era arte. Hitzordua eskatu ahal izango duzu web orriaren bidez edo zure osasun zentrora deituta. Urriaren 17tik aurrera hartzeko aukera egongo da.

Halaber, Osakidetzak aukera ematen die enpresei, prebentzio zerbitzuen bitartez, gripearen txertoak erosi, eta langileei txertoak beraiek jartzeko.

Txertoen kopurua eta ezaugarriak

Gripeari dagokionez, Euskadik 651.500 dosi ditu guztira, eta 781.800era arte hazteko aukera dauka.

Alde batetik, txerto tetrabalenteak (Fluarix Tetra ®) B gripearen mota baten eta gripearen 3 aldaera arruntenen aurkako babesa eskaintzen du. Horrela, gripe kasuak gutxitzen lagunduko luke, baita gripearekin lotutako ospitaleratze eta heriotza tasak ere.

Bestalde, zatitutako birusen (Efluelda ®) karga antigeniko handiko gripearen aurkako txerto tetrabalentea erosi du Osasun Sailak 65 urte edo gehiagoko egoitzetako pertsonentzat.

Osasun arloko arduradunen arabera, covid-19aren aurkako txertoak ere bilakaera izan du, eta omikron aldaeraren aurkako babesa eskaintzen du. Oraingoz, iturri berdinen arabera, Euskadik 129.600 dosi ditu covid-19aren aurkako indartzeari dagokionez, eta datozen asteetan, kopurua handitzen joango dira, entrega berriekin. Eskuragarri dagoen informazioaren arabera, Euskadirako hitzemanda daude, hasiera batean, 370.000 txerto inguru.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Bizkaia Gipuzkoa Araba Euskal Autonomia Erkidegoa Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Zientzia Osasun albisteak Medikuak Basurtuko ospitalea Gurutzetako ospitalea Erizaintza Sendagaiak Txertoak Gripea Donostia Ospitalea Txagorritxu Ospitalea Koronabirusa Galdakao-Usansolo Ospitalea Anbulatorioak