Gizartea -
Koronabirusa EAEn
11 pertsona hil dira covid-19ak jota, aurreko astean baino bi gehiago, eta erietxeetako presioa egonkor dago
109 pertsona daude ospitaleetako gela arruntetan, aurrekoan baino lau gehiago, eta ZIUetan ingresatutakoen kopuruak behera egin du (7tik 5era). R0a 1etik gora dago oraindik.
Eider Garaikoetxea O. | EITB MEdia
Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak emandako datuen arabera, irailaren 19tik 25era doan astean 11 pertsona hil dira Euskadin covid-19ak jota. Joan den astekoarekin alderatuta, bi heriotza gehiago jaso ditu asteko buletin epidemiologikoak. Pandemiaren bilakaeraren berri ematen duen beste adierazle garrantzitsuari (ospitaleetako okupazioa) dagokionez, nahiko egonkor dagoela ondoriozta daiteke.
Izan ere, irailaren 25ean, 109 pertsona zeuden Osakidetzako erietxeetako gela arruntetan, aurreko astean baino lau gehiago. Gaixo larrien kopuruak, aldiz, behera egin du, eta bost daude orain ZIUetan (zazpi ziren duela astebete).
Guztira, 884 positibo berri zenbatu ditu Osasun Sailak, eta horietatik 600, 65 urtetik gorako pertsonenak dira. R0ak, hots, positibo batek kutsatzen dituen lagunen kopurua zehazten duen indizea, 1eko langatik gora jarraitzen du (1,05ean, zehazki). Batez ere, Arabako datuak (1,24an dago) eragin du hazkundea (Bizkaian, 1,01ean dago indizea eta 0,99an, Gipuzkoan).