Gizartea -

BIZKAIA

Auzitegi Gorenak 37tik 29 urtera murriztu dio kartzela zigorra Maguette Mbeugouren hiltzaileari

Bizkaiko Auzitegiak bere bi alabei lesio psikologikoak eragiteagatik zigortu bazuen ere, Auzitegi Gorenak absolbitu egin du delitu horregatik.

Maguette Mbeugou hil zuen gizona, haren senarra, epaiketan. Artxiboko argazkia: EFE
Maguette Mbeugou hil zuen gizona, haren senarra, epaiketan
Maguette Mbeugou hil zuen gizona, haren senarra, epaiketan. Artxiboko argazkia: EFE

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Auzitegi Gorenak 37 urtetik 29ra murriztu dio kartzela zigorra Maguette Mbeugouren hiltzaileari, Bara N. senarrari. Halaber, tratu txarrak emateagatik, adin txikikoak abandonatzeagatik eta lesio psikologikoak eragiteagatik ere zigortu dute gizona.

Kondenatuak 2018ko irailaren 24an hil zuen 25 urteko emakumea biek Bilboko Ollerietabarrena inguruan zuten etxebizitzan, 2 eta 4 urteko alabak bertan zirela. Emaztea akabatu ostean, ihes egin zuen gizonak, neskatoak bakarrik utzita.

Bizkaiko Lurralde Auzitegiak bere bi alabei lesio psikologikoak eragiteagatik ere zigortu bazuen ere (lau urte alaba bakoitzeko), orain Auzitegi Gorenak absolbitu egin du delitu horretatik. Gorenaren arabera, ez da frogatuta gelditu bi adingabeek jasan zuten kalte psikologikoa "hilketa entzuteagatik ala abandonatuta eta etxean bakarrik egoteagatik izan ziren".

Gorenaren arabera, kalte psikologiko horiek abandonuak eragindakoak izan daitezke, eta, kasu horretan, lesio horiek adingabeak abandonatzearen delituetan jasota daude. Hori guztia dela eta, Auzitegi Gorenaren arabera, ez dago nahikoa arrazoi lesio delituengatik zigortzeko.

Gauzak horrela, Zigor Arloko Aretoak aintzat hartu du Bara N. senarrak aurkeztutako helegitea. Hala ere, hilketagatik (genero eta ahaidetasun larrigarriekin), tratu txarrak emateagatik eta adingabeak abandonatzeagatik ezarritako zigorrak bere horretan utzi ditu.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Tratu txarrak gaur Auzitegi Gorena EAE Epaiketak bideoak Gizartea bideoak Genero indarkeriaren biktimak Gaurko titularrak Gaurko azken ordukoa Matxismoa Krimenak azken ordukoa