Gizartea -
AIREAREN KUTSADURA
Airearen kalitateak hobera egiten jarraitzen du urtez urte Euskadin, Jaurlaritzaren arabera
2021eko Airearen Kalitatearen Urteko Txostenaren arabera, 2020an, pandemia bete betean, covid-19ak eragindako desplazamendu murrizketen eta salbuespen egoeraren ondorioz, nabarmen hobetu ziren airearen kalitateari lotutako datuak, eta 2021ean ere, beheranzko joera horri eustea lortu da.
EITB MEDIA
Euskadiko airearen kalitateak hobera egin du 2021ean 2019arekin alderatuta, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailak argitaratutako azken txostenaren arabera. Txostenak ondorioztatzen duenez, airearen kalitatea neurtzeko aurreikusitako kutsatzaile batzuek pandemia aurretik zeudenak baino balio txikiagoak izan zituzten iaz.
2020an, pandemia bete betean, covid-19ak eragindako desplazamendu murrizketen eta salbuespen egoeraren ondorioz, nabarmen hobetu ziren airearen kalitateari lotutako datuak, eta 2021ean ere beheranzko joera horri eustea lortu da.
Neurketa Euskadi osoan banatutako 54 estazioren bidez egin da, eta balio hauek neurtzen dituzte: nitrogeno dioxidoa (NO 2), sufre dioxidoa (SO 2), karbono monoxidoa (CO), ozonoa (O), partikulak (PM 10 eta PM 2,5) eta bentzenoa.
Zehazki, sufre dioxidoak, industria jardueran dagoen materialik kutsatzaileenak, 2020an lortutako antzeko datuak lortu zituen 2021ean. Nitrogeno dioxidoaren kasuan, berriz, trafikoari eta industria isuriei lotuta, urteko batez bestekoak % 87 igo ziren 2020arekin alderatuta, baina, ahala eta guztiz ere 2019koak baino txikiagoak izan ziren.
Karbono monoxidoak, bere aldetik, azken bost urteetako joera positiboari eutsi zion iaz, eta ozonoaren kasuan ere balioak mantendu egin ziren 2020aren aldean. Bentzenoaren urteko batez bestekoak baxuak dira eta urteko araudiak ezartzen duen mugaren barruan daude, metalak eta bentzo (a) pirenoa bezala, hauen mailak oso baxuak baitira.