Gizartea -

Polizia operazioa

'Phishing'aren bidez 8.000 euro baino gehiago lapurtu duen gaizkile taldea desegin dute Araban eta Bizkaian

Espainiako Poliziak bost gizon atxilotu ditu Araban, eta beste hiru, tartean bi preso, ikerketapean jarri Bizkaian. Hain justu, ikertzaileen arabera, Bizkaiko kartzelatik gidatzen zuten bi horiek taldea.

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Espainiako Poliziak gutxienez zortzi lagunek osatutako gaizkile taldea desegin du Araban eta Bizkaian, phishingaren bidez (nortasun ordezkatzea) 8.000 euro baino gehiago lapurtzea egotzita.

Espainiako Gobernuko Barne Ministerioak jakinarazi duenez, taldeak Espainiako Estatu osoan egin ditu maulak, Bizkaiko kartzelan preso dauden bi lagunen gidaritzapean.

Agenteek bost gizonezko atxilotu dituzte Araban, eta beste hiru lagun ikertu dituzte: gazte bizkaitar bat, eta bi preso. Zortziei iruzurra egitea, agiriak faltsutzea eta gaizkile taldeko kide izatea egotzi diete.

Ikertzaileen arabera, bi presoek zuzentzen zuten taldea. Bizkaiko kartzelan beste delitu batzuengatik dauden bi pertsonek jarraibideak ematen zizkieten taldeko gainerako kideei.

Ikerketa hainbat phishing salaketa jaso ostean abiatu zuen Espainiako Poliziak. Banketxeek bidalitako mezuak bailiran, SMS faltsuak igortzen zituzten gaizkileek. Kontu korrontean akats bat zegoela esanez, esteka batean sartzeko eskatzen zieten biktimei. Amarruaren bidez, euren pasahitzak eta datu pertsonalak eskuratzen zituzten, gaizkileek nahieran erabiltzeko.

Kasu askotan, gaizkileek egindako transferentzien edo ordainketen berri ematen zietenean jabetzen ziren biktimak iruzurraz.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bizkaia Araba Iruzurrak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Espetxeak