Gizartea -

Klima aldaketa

Tenperatura altuagoetara egokitzen ari gara?

Planetako tenperaturek gora egiten duten bitartean, gure gorputzak egoera horretara egokitzeko duen gaitasunak ere gora egiten du. Zergatik eta nola gertatzen den aztertzeak beroarekin bizitzeko gai izango garen argitzen lagunduko digu.

Beroa hondartzan. EITB Mediaren bideo bateko irudia
Beroa hondartzan.
Nola egokitzen da gure gorputza tenperatura altuetara?

Mikel Dominguez | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Tenperaturen igoerak zuzenean eragin diezaioke gure osasunari. Hori ondorioztatu du The Lancet aldizkarian argitaratutako ikerketa batek: Europan, azken hamarkadan, beroaldiek nabarmen egin dute gora, bikoizteraino; % 57 hazi dira.

Carlos III.a Osasun Institutuak egindako azterlan baten arabera, Espainiako beroaren ondoriozko hilkortasuna igo egingo da: gaur egun urtean 1.300 heriotza izatetik mendearen amaieran 13.000 izatera igaroko da.

Hala ere, Klima Aldaketa, Osasun eta Hiri Ingurumeneko Erreferentzia Unitateko ikertzaileen arabera, tenperatura altuek gero eta eragin txikiagoa dute hilkortasunean. Miguel Angel Navas Martin, Cristina Linares Gil eta Julio Diazen arabera, ezin da ondorioztatu heriotza-tasa etengabe igoko denik, gure gorputza tenperatura altuagoetara egokitzen ari delako.

Nola hiltzen du beroak?

Tenperatura altuek eragindako heriotza gehienak ez dira izaten bero kolpe baten ondorio. Hori kasu gutxi batzuetan bakarrik gertatzen da. Ohikoena arnasketa arazoak, kardiobaskularrak edo neurologikoak dituzten pertsonen sintomak larriagotzea da.

Jon Irazusta Euskal Herriko Unibertsitateko Fisiologia katedradunak beroak gure gorputzari nola eragiten dion azaldu digu, heriotza eragiteraino.

Nola hiltzen gaitu beroak?
Nola hiltzen gaitu beroak?
Nola hiltzen gaitu beroak?

2:24

Testuinguru horretan, badago tenperatura bat, beti epela, non heriotza-kopurua gutxienekoa den. "Tenperaturak muturrekoak direnean, hotzak zein beroak, hilkortasuna handiagoa izaten da. Aldiz, tenperaturak epeltzen doazen heinean, hilkortasuna murriztu egiten da. Iristen da puntu bat, tenperatura epeletan, non heriotza gutxien dagoen", azaldu du Irazustak.

Horri deitzen zaio hilkortasun minimoko tenperatura. Geografiaren arabera aldatzen doa. Madrilen, adibidez, 30 ºC-koa da. Tenperaturak hortik gora egin ahala, hilkortasunak ere gora egiten du, eta 36 ºC-tik aurrera, heriotza-kopurua izugarri igotzen da.

Irazustak zehaztu duenez, tenperaturaren datua ezin da berez ulertu, hezetasunak ere berebiziko garrantzia duelako gure gorputzean. Heriotza gutxiagoko tenperatura hori herrialdez herrialde aldatzeko arrazoietako bat izan daiteke. Andaluzian askoz altuagoa da, eta Mediterraneoan, baxuagoa, Navas, Linares eta Diazen datuen arabera. "Oro har, eremu beroagoetan, Ekuadorretik gertu, hilkortasun minimoko tenperatura altuagoa izaten da", azaldu du EHUko katedradunak. Hau da, tenperatura beroagoak diren lekuetan, tenperatura handiagoa behar da heriotza-kopurua igo dadin.

Carlos III.a Osasun Institutuko ikertzaileen hitzetan, hilkortasun minimoko tenperatura igotzen ari da. Izan ere, gure gorputzak berora egokitzeko gaitasuna du. The Lanceten ikerketaren abisuak gorabehera, eta tenperaturak gora egin arren, zenbait ikerketek diote heriotza-tasa ez dela erritmo berean igotzen ari.

Eliteko kirolean beroari hobeto aurre egiteko entrenamendu espezifikoak egiten diren bezala, edozein gizakik ere, tenperatura altuen eraginpean egonda hobeto egingo die aurre etorkizunean. Fisiologia katedradunak azaldu digu gizakiak tenperatura altuetara egokitzeko gaitasun fisikoa duela.

Nola egokitzen da gure gorputza tenperatura altuetara?
Nola egokitzen da gure gorputza tenperatura altuetara?
Nola egokitzen da gure gorputza tenperatura altuetara?

Giza gorputza mundu beroaren aurrean

Navas Martin, Linares Gil eta Diaz ikertzaileek oso datu adierazgarria eman dute beren azterketan: Espainiako eguneko tenperatura maximoak 0,41 ºC igo dira hamarkada bakoitzeko, eta hilkortasun minimoko tenperatura azkarrago igo da, 0,64 ºC hamarkada bakoitzeko. Ondorioa argia da: tenperatura altuagoetara egokitzen ari gara.

Hala ere, datu orokor hori, Estatu osokoa, lekuz leku aldatzen da. Toki batzuetan egokitzen ari dira; beste batzuetan, aldiz, hilkortasun minimoko tenperatura jaitsi egin da, eta, beraz, tenperatura baxuagoa behar da hiltzeko. Faktoreak askotarikoak izan daitezke: leku batek jasaten dituen tenperatura altuko egunen kopurua, leku horretan dauden etxebizitza motak edota biztanleriaren errenta, kasu.

Oraindik bidea dago ikertzeko, gure gorputzak tenperatura altuagoko eszenatoki batera egokitzea lortuko duen jakin arte, hotzak ere hiltzen duela ahaztu gabe.

Tenperatura altuagoetara egokitzen ari gara?
Tenperatura altuagoetara egokitzen ari gara?
Tenperatura altuagoetara egokitzen ari gara?

1:09
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Klima-aldaketa EHU Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Zientzia Osasunari buruzko albisteak Bero-boladak Larrialdi klimatikoa 2024