Gizartea -
Gastronomia
Usain gozoa zabaldu da gaur Tolosan, 'Tolosa goxua' azokan
Sagar tarta eta euskal pastel leihaketak egin dituzte, baita haurrei zuzendutako gozogintza tailerrak ere. Gainera, bost euskal pastel erraldoi mila zati egin eta jendartean banatu dituzte.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Tolosako Triangelu plaza gozogilez eta gozozalez bete da gaur goizean, izan ere, Tolosa Goxua azoka egin dute beste urte batez. Txokolate, tarta eta askotariko gozokiak saltzen eta banatzen aritu dira 23 saltoki.
Halere, gaurkoan protagonistarik izan bada, hori euskal pastela izan da. Iparraldeko Eguzkia elkartea izan da gaurko gonbidatua, antzinako gozoki horien balioa azpimarratzeko lanean ibiltzeagatik. Bost euskal pastel erraldoi ekarri dituzte Tolosara eta 1.000 euskal pastel edo bizkotxa zatitxo banatu dituzte jendartean.
Aurten, lehenengo aldiz, bi kategoria izan dira herri-lehiaketan: azken urteetan egin den sagar pastel leihaketan Irantzu Karrera izan da irabazlea eta estrainekoz egin den euskal pastel leihaketan, beriz, Naiara Uranga.
Haurrei zuzendutako tailerrak ere egin dituzte, gozoki honen gailetak egiten ikasteko.
Tolosa Goxua azokak profesionalentzako topaketa ere prestatu du: azaroaren 23ra arte atzeratu behar izan dute, eta gozogintzaren etorkizunaren inguruan Eliker Kalitatezko Elikagaien Tolosako Zentroak abiatutako ikerketaren ondorioak ezagutzera emango dituzte.