Gizartea -
INDARKERIA MATXISTA
Kartzelatu egin dute Santurtzin bikotekidea hiltzen saiatu zen gizona
Bestalde, Santurtziko Udaleko Bozeramaileen Batzordeak erasoa gaitzetsi, eta elkarretaratzea egin du astelehenean.
EITB MEDIA
Epaileak kartzelatu egin dute igandean Santurtzin (Bizkaia) ustez bikotekidea hiltzen saiatu zen 37 urteko gizona, Segurtasun Sailetik jakinarazi dutenez.
Santurtziko etxebizitza batean izan zen erasoa igande goizean. Ertzaintzak jakitera eman zuenez, erasotzaileak hainbat zauri egin zizkion lepoan eta besoetako batean emakumeari labana batekin, eta leihotik behera botatzearekin mehatxu egin zion. Biktima Gurutzetako Ospitalera eraman zuten, larri zaurituta.
Bere aldetik, Santurtziko Udaleko Bozeramaileen Batzordeak erasoa gaitzetsi du astelehenean, talde guztiek aho batez onartu duten ohar baten bidez. Adierazi dute erasoek herri horretan ez dutela lekurik.
Halaber, elkarretaratze isila egin dute eguerdian, udaletxearen atarian, eta dozenaka herritarrek hartu dute parte.
"Santurtzin eraso matxistarik ez!" leloa zuen pankartari eusten, besteak beste, Aintzane Urkijo Santurtziko alkatea eta Miren Elgarresta Emakundeko zuzendaria egon dira.
Azken horren hitzetan, herritarrek eta erakundeek elkarrekin eman behar diote erantzuna indarkeria matxistari. Prebentzioan eta sentsibilizazioan jarri du azpimarra, emakumeen kontrako indarkeriari aurre egiteko. "Erakundeek egitura oso zabalak ditugu, baina prebentzioa eta sentsibilizazioa dira garrantzitsuenak jarrera matxistak ekiditeko. Eraldaketa soziala behar da halako elkarretaratzeen beharrik ez izateko", esan du.
Ildo beretik mintzatu da Urkijo ere. Haren arabera, indarkeria mota guztiak salatzeko lanean jarraituko dute Udalean, indarkeria hori datorren lekutik datorrela.