Gizartea -
INDARKERIA MATXISTA
41 urteko gizon batek 30 urteko bikotekidea hil du Caceresen
Hiltzaileak berak deitu dio Poliziari hilketaren berri emateko, eta berehala atxilotu dute. Indarkeria matxistarekin lotutako aurrekariak zituen.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
41 urteko gizonezko batek 30 urteko bikotekide emakumea hil du bart Caceresko Valencia de Alcantara herrian.
Guardia Zibilak ohar bidez jakitera eman duenez, bikotearen etxebizitzan izan da hilketa, 00:25 inguruan. Antza, ustezko erasotzaileak berak telefonoz deitu dio Poliziari erasoaren berri emateko.
Abisua jaso ondoren, larrialdi zerbitzuetako kideak esandako lekura joan dira, baina emakumea tokian bertan hil da. Ustezko erasotzailea han zegoen, eta atxilotu egin dute. Biktimak aurrez ere jarrita zituen erasotzailearen kontrako salaketak, indarkeria matxistagatik.
Emakumearen gorpua Caceresko Medikuntza Institutura eraman dute autopsia egiteko. Guardia Zibilak ikerketa zabaldu du hilketaren nondik norakoak argitzeko.