Gizartea -
Indarkeria matxista
Gizon batek bikotekidea eta sei urteko alaba hil ditu Madrilen
Hiltzaileak berak ezagun batzuei ohartarazi zien egindakoaz. Gizona bere buruaz beste egiten saiatu da, eta ospitalean dago, larri.
Agentziak | EITB Media
39 urteko gizonezko batek labanaz hil ditu bikotekidea, 29 urteko emakumezkoa, eta 6 urteko alaba Mostolesen (Madril), Madrilgo Erkidegoaren 112 Larrialdi zerbitzuak jakinarazi duenez.
Hilketa bikoitzaren ostean, gizona bere buruaz beste egiten saiatu da, eta larri dago ospitalean. Hilketa matxista Mostolesko Avenida Olimpica etorbideko etxebizitza batean gertatu da.
Hiltzaileak berak ezagun batzuei ohartarazi zien egindakoaz. Pertsona horiek bikotearen etxera joan ziren, eta atea zabaltzen ez zietela ikusita, larrialdi zerbitzuei deitu zieten igandeko 22:00ak aldera.
SUMMA 112ko osasun langileak etxebizitzara heldu zirenerako, bi emakumeen heriotza baino ezin izan zuten baieztatu (orduak zeramatzaten, nonbait, hilda). Gizona egonkortu eta ospitalera eraman zuten.
Espainiako Polizia ari da hilketa matxista ikertzen.