Gizartea -
Emakumeen aurkako indarkeria
Gizonezko bat atxilotu dute Gasteizen emakume bati egindako sexu erasoa leporatuta
Arkupe eremu batean emakumeari eraso egin izana leporatu diote 21 urteko atxilotuari. Biktima lurrera bortizki bota, eta immobilizatu zuen, eta sexu ukituak egiten saiatu zen.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Ertzaintzak 21 urteko gizonezko bat atxilotu du Gasteizen, joan den asteburuan Arabako hiriburuan emakumezko gazte batek pairatutako sexu erasoa egotzita. Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, joan den igandean emakumezko batek erasoa salatu zuen ertzain etxean.
Etxerako bueltan zela, gizon batek eraso egin zion arkupe eremu batean. Biktima lurrera bortizki bota eta immobilizatu zuen, eta sexu ukituak egiten saiatu zen. Emakumeak telefonoa eskuan zeukala ikusita, erasotzaileak ihes egin zuen.
Ertzaintzak abiatutako ikerketari esker, erasotzailea identifikatu, eta larunbat honetan atxilotu dute. Ertzain etxera eraman zuten, dagozkion izapideak egiteko, eta jarraian, epailearen aurrera eraman dute.