Gizartea -

GuraSOS plataforma

Zubietako erraustegiaren gelditze prebentiboa eskatu dute milaka lagunek Donostian

Zurriolako itsas-pasealekuan "herri-babeserako hesia" irudikatuz bukatu dute talde ekologistek eta sindikatuek babestutako mobilizazioa.

Manifestazioaren buruan ikusitako pankarta. Argazkia: Xabier Urteaga | EITB MEDIA
Manifestazioaren buruan ikusitako pankarta. Argazkia: Xabier Urteaga | EITB MEDIA
Manifestazioaren buruan ikusitako pankarta. Argazkia: Xabier Urteaga | EITB MEDIA

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Milaka lagun (3.000 pertsona, antolatzaileen arabera) bildu dira igande honetan Donostian, GuraSOS plataformak deituta, Zubietako erraustegiaren gelditze prebentiboa eskatzeko. Zurriolako itsas-pasealekuan "herri-babeserako hesia" irudikatuz bukatu dute mobilizazioa.

Talde ekologistek eta sindikatuek babestutako martxa 12:00ak pasata abiatu da Kursaaletik, 20 bat arraunlari buru zirela. Handik metro gutxira, 40 bat surflarik protestarekin bat egin dute.

Buelta eman ostean, manifestazioa Kursaalen ere amaitu dute, eta errustegiak 2020ko maiatzean egindako Arkaitzerrekaren isurketa irudikatu dute manifestariek. Bukatzeko, hainbat artistek Huntza taldearen "Olatu bat" abestia kantatu dute. Planetaren eta itsasoaren egoeragatik bereziki kezka adierazten duen abestia da.

GuraSOS plataformak agiria irakurri du salatuz "erraustegia botere-totem bat" bihurtu dutela. "Punta-puntako teknologia eta segurtasuna zituela esan ziguten, baina bi urte nahikoa izan dira erraldoiak lokatz-oinak zituela ikusteko", adierazi du.

Gainera, Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusiari eskatu diote "elkarrizketa abiatzeko, kontrol demokratiko eta gardena beharrezkoak baitira". "Ireki itzazue gazteluaren ateak", bukatu dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Donostia Gipuzkoa Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Manifestazioak