Gizartea -
Eguraldia
Abisu horia larunbat honetan elurragatik EAEn eta Nafarroan
Elurragatik barnealdean ezarritako abisua 06:00etatik 24:00etara egongo da indarrean, eta igandean, berriz, izotzagatik aktibatuko da abisua Araban. Bestalde, Foru Erkidegoan ere alerta ezarri dute elurragatik, Pirinioetan 1.300 metrotara botako duelako.
agentziak | eitb media
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak abisu horia ezarri du larunbat honetarako, 700 metrotik gorako lekuetan elurra egin dezakeelako. Iganderako ere abisu bera aktibatuko du Arabako zenbait tokitan izotza egin dezakeelako.
Elur-kota 700 eta 1.000 metro artean kokatuko da larunbat honetan. Abisu horia goizeko seietan hasi, eta egun guztian zehar egongo da indarrean. Barnealdeko zenbait menditan, gauez, izotza egitea espero da; 5 cm-ko lodiera izango du, gehienez, 1.000 metrotan, eta 1 cm-koa, gehienez, 600 metrotan. Halaber, euria egitea espero da, batez ere kantauri isurialdeko mendebaldean, eta gauean, atertzera egingo du.
Gainera, Nafarroako Foru Erkidegoan ere alerta ezarri dute elurragatik, Pirinioetan 1.300 metrotara botako duelako, eta 24 ordutan 5 zentimetroko elur-lodiera pilatuko delakoan.
Igandean, berriz, abisu horia ezarriko da gauerditik goizeko hamarrak arte, Arabako zenbait tokitan izotz txikia egon daitekeelako. Igandetik astelehenera bitartean ere indarrean egongo da abisu hori, ordutegi berean.