Gizartea -

INDARKERIA MATXISTA

Sexu erasoak % 18 igo dira urtebetean Euskadin

Bizkaian izan dira eraso gehien: 231, urtarriletik urrira; baina, portzentualki, Araban izan da igoerarik handiena: % 72.

Ortuellan, maiatzean izan zen sexu eraso bat salatzeko elkarretaratzea. Argazkia: EITB Media
Ortuellan, maiatzean izan zen sexu eraso bat salatzeko elkarretaratzea. Argazkia: EITB Media
Ortuellan, maiatzean izan zen sexu eraso bat salatzeko elkarretaratzea. Argazkia: EITB Media

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Emakunde Emakumearen Euskal Institutuak jakitera eman duenez, aurtengo urtarriletik urrira, 433 emakumek salatu dute sexu erasoren bat Euskal Autonomia Erkidegoan; iaz, denbora tarte berean baino % 18 gehiagok.

Araban igo dira gehien delitu hauek, % 72, hain zuzen ere: 39 salaketa izan ziren 2021ean, eta 67, aurten.

Bizkaia % 22 igo dira: 189 eraso iaz, eta 231, aurten.

Gipuzkoan, dena dela, % 3 jaitsi dira: 139 iaz, eta 135, aurten.

Bikotekideen zein bikotekide ohien indarkeria jasan duten emakumeen kopurua ere igo egin da

Bikotekidearen edo bikotekide ohiaren biktima izan diren emakumeen kopurua ere % 15,5 igo da denbora epe horretan, Emakunderen datuen arabera: 2.876 salaketa jarri dira, iaz baino 387 gehiago.

Lurraldeka, % 24 igo dira kasu hauek Gipuzkoan: 927 emakume eraso dituzte bikotekideek eta bikotekide ohiek, aurreko urtean baino 179 gehiago.

Araban, 459 emakumeri egin diete eraso, aurreko urtean baino % 19 gehiagori.

Bizkaian, bestalde, eraso kopuruak % 10 egin du gora: 1.355 izan ziren 2021ean, eta 1.490 izan dira aurten.

Familia barruko indarkeriak ere gora egin du, baina gutxiago

Familia barruko indarkeria ere, bikotekidea edo bikotekide ohia ez den baina familiako kide den norbaitek eragiten duena, igo egin da. 826 emakumek salatu dituzte mota horretako erasoak urteko lehen 10 hilabeteetan (% 3,4 gehiago).

Indarkeria mota hau % 12,6 igo da Gipuzkoan (277 emakume aurten, iaz 246), % 0,8 igo da Araban (130, aurten, eta 129, iaz) eta; aldiz, % 1,2 jaitsi da Bizkaian (419 aurten eta 424 iaz).

Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak eta/edo deitu doako telefono hauetara: 900 840 111 (EAEkoa), 016 (Espainiako Estatukoa) edo 3919 (Iparraldekoa, eguneko 24 orduetan erabilgarri, igande eta jaiegunetan 09:00etatik 18:00etara izan ezik). Ez dute fakturan arrastorik uzten, baina bai telefonoan. Beraz, ez ahaztu ezabatzea.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Indarkeria matxista Bizkaia Gipuzkoa Araba Euskal Autonomia Erkidegoa Delituak Emakunde Gizartea Indarkeria matxistaren biktimak Eguneko albisteak Albisteak Sexu erasoak