Gizartea -

Krisia Donostialdeko ESI-an

"Ospitale barruan nahiko tentsioa dago egoera askoren inguruan", diote Donostia Ospitaleko langileek

Bi kargugabetze eta bi dimisio izan dira Donostia Ospitalean 48 ordu baino gutxiagoan eta gehiago izan daitezke hurrengo orduetan. Hainbat langileren sentsazioak jaso ditu Euskadi Irratiak ospitalearen atarian.

play icon 0:40

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Urak arre datoz Donostiako Ospitalean. Langileak kezkatuta eta harrituta daude gertatzen ari denarekin, azken egunetan bi kargugabetze eta bi dimisio izan ondoren. Gainera, dimisio gehiago ere izan dira goi karguetan azken hilabetean.

"Ospitale barruan nahiko tentsioa dago egoera askoren inguruan", "gertatzen ari denaren baitan, gertakari bat gehiago da", "egoera beltza da", "polemika handia sortu da eta oso nabarmea da zerbitzuburu guztiak elkarrekin atera izana kargugabetzeen aurka"... horiek gaur Donostia Ospitaleko langileek Euskadi Irratiko mikrofono aurrean adierazitakoak.

Donostia Ospitaleko ESIan piztutako krisiak fokupean jarri du Gotzone Sagardui Osasun sailburuaren jarduna. Erabakiak, irizpide mediku edo profesionalak lehenetsi gabe, lagunkeriaz hartzen dituela salatu du, adibidez, Adolfo Begiristain Donostialdeko ESIko kirurgia arloko zuzendariorde medikoak.

Larria da egoera, eta une honetan, Donostialdea ESIko zuzendaritzan pertsona bakarra dago karguan. Hau da, 6 lanpostutatik bat bakarra dago une honetan:

Itziar Perez zuzendari-gerentea kargugabetu egin zuen Osasun Sailak.

Idoia Gurrutxaga zuzendari medikua kargugabetu egin zuen Osasun Sailak.

Ester Litiago Langileen Zuzendariak dimititu egin zuen azaroan.

Carlos Barruso Arreta Integratuaren zuzendariak dimititu egin zuen azaroan.

Ekonomiako eta Finantzako Zuzendaritza hutsik dago.

Donostiako ESIko zuzendaritza organigrama, orain arte. Osakidetzaren webgunetik hartuta

Donostiako ESIko zuzendaritza organigrama, orain arte. Osakidetzaren webgunetik hartuta

Ondorengo egunetan, gainera, zuzendariorde gehiagoren dimisioa etor daiteke. Azken kargugabetzeen aurrean, protesta elkarretaratzea egin zuten Ospitaleko zerbitzuburuek eta abenduaren 13an prentsaurrekoa emango dute gertatzen ari denaz duten iritzia publiko egiteko.

Donostialdeko ESIan urte luzetako lanari esker lortutako talde eta protokoloak desegiten ari dela Osasun Saila esan diote ospitaleko iturriek Euskadi Irratiari eta hartu dituzten erabakiak ez direla osasun irizpideen araberakoak salatu dute, baizik eta ikuspegi pertsonal batetik egindakoak.

"Jakinarazi nahi dizuet atzo Rosa Perez Osakidetzako zuzendari nagusiak, Donostialdeko ESIko zuzendari kudeatzaile izateari uzteko agindua jakinarazi zidala, uste duelako ez nagoela lerrokatuta Osakidetzako Zuzendaritza Nagusiarekin eta Sailarekin", idatzi zuen Itziar Perez zuzendari-gerente kargugabetuak langile guztiei bidalitako mezu batean.Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak, bere aldetik, "konfiantzazko karguak" zirela eta "eurengan konfiantza galdu dutelako" kargugabetu dituztela defendatzen jarraitzen du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Albisteak Osakidetza Donostia albisteak Gipuzkoa Eusko Jaurlaritza berriak EAE Gizartea bideoak Prentsa digitalaren azken orduko Gaurko azken ordukoa Donostia Ospitalea Lan gatazkak