Gizartea -
Krisia Osakidetzan
Isilik jarraitzen du Osasun Sailak, Donostialdeko ESIko krisia lehertu eta 48 ordura
Zuzendaritzako bi kide kargugabetu ostean, dimisioa eman dute beste bik, eta gaur gaurkoz, pertsona bakarra gelditzen da ospitaleko zuzendaritzan. Osakidetzako zuzendaritza nagusiak kudeaketa arrazoiak argudiatu ditu, Osasun Sailak, bere aldetik, ez du hitzik egin.
O. P. | EITB Media
Donostialdeko ESIko krisiak eztanda egin eta 48 ordura, hitzik egin gabe jarraitzen du Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak.
Gotzone Sagardui sailburuak uko egin zion atzo, larunbata, berak parte hartu zuen ekitaldi publiko baten ostean kazetarien galderei erantzuteari, eta igandean ere ez da Osasun Sailetik adierazpenik egin. Momentuz ez da, gainera, halakorik aurreikusi.
Osakidetzak ostiralean argudiatu zuen kargugabetzeen atzean barne antolaketako aldaketak zeudela. Ospitaleko iturrien bidez EITBk jakin ahal izan duenez, ordea, konfiantza falta legoke kargugabetze horien oinarrian.
Ostegunean Osakidetzako zuzendaritza nagusiak Donostialdeko ESIko gerentea eta zuzendari medikoa kargugabetu ostean, eta horien atzetik zuzendaritzako beste bi kidek dimisioa aurkeztu ostean, pertsona bakarra gelditzen da gaur gaurkoz Donostiako ospitaleko zuzendaritzan; beste bi kidek azaroan eman zuten dimisioa eta azken kargu bat hutsik dago.
EH Bilduko legebiltzarkide Rebeka Uberak prentsa agerraldia egingo du astelehen goizean Legebiltzarrean Osakidetzaren egoeraren gainean.
Halaber, Laura Garrido Euskadiko PPko idazkari nagusiak larunbat honetan iragarri du Gotzone Sagardui Osasun sailburuaren presazko agerraldia eskatuko duela Legebiltzarrean.