Gizartea -
KRISIA OSAKIDETZAN
Donostialdeko ESIko kargugabetzeak "ikuspegi bateratua partekatzeko zailtasunen" ondoriotzat ditu Sagarduik
Osasun sailburuak Donostialdeko ESIko polemika lehertu eta hiru egunera eman ditu gaiari buruzko lehen azalpenak. Kargugabetzeen atzean "hainbat gertakari" daudela azaldu du, horiei buruzko xehetasunik eman gabe. "Aldaketen helburua erakundea eta zerbitzua hobetzea" dela esan du.
IDOIA ALBERDI ETXANIZ | EITB MEDIA
Aurrekaririk gabeko krisia lehertu da Osakidetzan, joan den ostiralean Donostialdeko ESIko gerentea eta zuzendaria kargugabetu, eta horren ondotik hainbat arduradunek dimisioa aurkeztu eta gero. Gaur, zentro horretako 23 zerbitzuburuk oharra kaleratu dute, Osakidetzaren zuzendaritza kargugabetzea eskatuz Gotzone Sagardui Osasun sailburuari, "burugabekeria honen konplize izatea nahi ez badu".
Gaur arte, Eusko Jaurlaritzako inork ez du gaiaren inguruko azalpen publikorik eman. Polemika lehertu eta 72 ordura hitz egin du krisiaz lehen aldiz Sagarduik, lehendakaritzan egindako agerraldian. Bertan adierazi duenez, Osakidetzaren sarea osatzen duten erakunde guztiek "elkarri lotuta" lan egin behar dute, "ikuspegi partekatu batekin". Zentro bakoitzeko zuzendaritza taldeen "ardura da itun hori eraginkor egitea", eta Donostialdeko ESIaren kasuan "zailtasunak" izan dira "ikuspegi bateratu eta jarduera koordinatu" horri eusteko. "Donostialdeko ESIaren kasuan izan diren hainbat gertakarik hala eskatuta, pertsonak aldatzea beharrezkoa izan da. Sare bat gara". Hala azaldu du sailburuak, gertakari horiei buruzko xehetasunik eman gabe. "Halako egituretan aldaketak ohikoak dira, arduradun aldaketak sarri gertatzen dira", gaineratu du.
Abian jarri duten berrantolaketaren "helburua erakundea eta herritarrei eskaintzen zaien zerbitzua hobetzea" dela esan du. Bide horretan, azken egunetan euren desadostasuna agertu duten profesionalei "entzuteko" eta "elkarrizketa eraikitzailea" abiatzeko prest agertu da. Halaber, "lasaitasunerako mezua" igortzearekin batera, "esker ona agertu die Donostialdeko ESIko langileei, haien eguneroko lanagatik".
Bestalde, bere dimisioa eskatu duten oposizioko alderdiei erantzunez, Sagarduik adierazi du "eman beharreko azalpen guztiak" emango dituela Eusko Legebiltzarrean, hala eskatzen dietenean.
Osatzen ari diren zuzendaritza berriaz ere hitz egin du, eta talde berriak Osasun Sailaren ikuspegiarekin bat egiten duela ziurtatu du. Ildo horretan, Agustin Agirre Donostialdeko ESIaren behin-behineko zuzendari kudeatzailea lehen bilerak egiten hasi dela esan du, "ospitalea eta osasun erakundea nola dauden aztertu eta egoera bideratzeko".
Halaber, jakinarazi du dimisioen ondorioz Donostialdeko ESIan hutsik geratu diren hiru karguetako bi —giza baliabideen eta arlo ekonomikoaren arduradunak— noren esku geratuko diren erabakita dutela, eta datozen asteetan hasiko direla euren eginkizun berrietan lanean.