Gizartea -

HEZKUNTZA LEGEA

EH Bilduk "eskumen esklusiboak" eskatu ditu "hezkuntza sistema publiko burujabe" batean aurrera egiteko

Koalizio abertzaleak euskal hezkuntzaren alde lortu beharreko 11 urrats mahaigaineratu ditu, tartean, urte gutxi barru doakotasun erreala bermatzea, kontzertazio unibertsalarekin amaitzea eta hizkuntza ereduak gaindituz, euskara ardatz duen eredu orokortura jauzia ematea.

Pello Otxandiano (EH Bildu)
Pello Otxandiano (EH Bildu)
Otxandiano, EH Bildu: ''Hezkuntza akordioak jauzi bat ekarri behar du euskalduntzean eta inklusioan''

1:14

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EH Bilduk "eskumen esklusiboak" aldarrikatu ditu Euskadik "hezkuntza sistema publiko burujabe" batean aurrera egin dezan, eta "nazio ikuspegiarekin" jokatzeko deia egin du, aurrera begira legea Nafarroara eta Iparraldera hedatzea helburu. Era berean, Hezkuntza Lege berriak euskalduntzean, laikotasunean, inklusioan eta eraldaketa pedagogikoan jauzi bat ekarri beharko lukeela uste du.

Hezkuntza Konferentzia egin du astearte honetan EH Bilduk Bilboko Euskalduna Jauregian, Kataluniatik etorritako hainbat ordezkarirekin batera. Pello Otxandiano EH Bilduko Programa zuzendariak eman dio hasiera jardunaldiari, eta, bertan, euskal hezkuntzaren alde lortu beharreko 11 urrats mahaigaineratu ditu, tartean, urte gutxi barru doakotasun erreala bermatzea, kontzertazio unibertsalarekin amaitzea eta hizkuntza ereduak gaindituz, euskara ardatz duen eredu orokortura jauzia ematea.

Datozen hilabeteetan zer gertatuko den ez jakin arren, lortutako itun honekin, Otxandianok nabarmendu du Euskadi Hezkuntza Legea lantzen ari den garai hau oso une garrantzitsua dela Euskadirentzako, eta uste du akordioa hezkuntza tradizio ezberdinen onena jaso eta Euskal Hezkuntza Sistema Publiko Burujabearen norabidean bidea egiteko "oinarrizko kanpaleku" dela.

Testuinguru horretan azpimarratu du Euskal Hezkuntza Zerbitzua definitzeak aukera ematen duela balio publikoa zertan datzan ondo definituta, "hezkuntza tradizio euskaldun ezberdinen artean indarrak batzeko". Konkretuki, Otxandianok uste du aukera ireki dela "eskola publikoaren bulkada berdinzalea eta Ikastolen mugimenduaren gaitasun autoeratzailea uztartzeko". Hala, konfluentzia hori eredu publiko-komunitarioan antolatuko litzatekeen sistema publiko burujabea eraikitzen hasteko bide dela iritzi dio.

Ikastolei eta Euskal Eskola Publikoari aitortza egin ondotik esan du trantsizioaren lehen fase honek sistemaren deszentralizazioa ekarri behar duela, Ikastolen antolaketa eredu komunitarioa oinarri hartuz. Gaineratu du berdintasuna eta hezkuntza eskubideen bermea ekarri behar duela, eta horretarako eskola publikoak ardatza izan behar duela.

Era berean, subiranotasun politikoa aldarrikatu du EH Bilduk: "Euskal Herriak eskumen esklusiboak behar ditu trantsizio honetan bidea egiteko, baita hezkuntzan ere", adierazi du Otxandianok.

Arriskurik handiena egungo sistema duala iraunaraztea dela uste du eta datozen hilabeteetako erronka Hezkuntza Akordioaren espiritua eta letra jasoko dituen lege on bat onartzea izango dela azpimarratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Berriak Politika Hezkuntza legea Euskal Autonomia Erkidegoa Gizartea EH Bildu Eguneko albisteak Albisteak Hezkuntza Pello Otxandiano azken ordukoa Bizkaia Gipuzkoa Araba