Gizartea -

Manifestazio

AHTaren aurka egin dute Iruñean, elefante zuri bat buru zuen desfile erromatar batekin

Elefante zuriak "ezertarako balioko ez duen azpiegitura erraldoia eta suntsitzailea" irudikatu du, "Abiadura Handiko Trena bezala", eta horren aurrekontua gastu sozialera bideratzeko aldarrikatu du "Orain Ardura" ekimenak.

"Azpiegitura erraldoien sinboloa da elefante zuria, AHT bezala". Argazkia: Ardura Orain
"Azpiegitura erraldoien sinboloa da elefante zuria, AHT bezala". Argazkia: Ardura Orain
"Azpiegitura erraldoien sinboloa da elefante zuria, AHT bezala". Argazkia: Ardura Orain

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Egurrezko elefante zuri bat buru zuen desfile erromatar bat izan da larunbat arratsalde honetan Iruñeko kaleetan, Abiadura Handiko Trenaren eraikuntzaren aurka.  Horren aurrekontua gastu sozialera bideratzeko aldarrikatu dute mobilizazioan parte hartu duten herritarrek.

"Orain Ardura" ekimenak deituta, ehunka lagun bildu dira "AHTaren dirua gastu sozialerako" leloa irakurgai zen pankarta baten atzean. Manifestazioaren buruan egurrezko elefante zuri erraldoi baten maketa zihoan, "Elefante zuririk ez. Stop AHT" leloarekin. Esklabo erromatar erara jantzitako hiru pertsonak eraman dute elefantea, eta Foruen Plazan bukatu da manifestazioa.

Deialdiaren antolatzaileek azaldu dutenez, "ezertarako balioko ez duen azpiegitura erraldoia eta suntsitzailea da AHT, Thailandiako aintzineko elefante zuriak bezala". "Kultura, osasuna, etxebizitza, zerbitzu sozialak eta lan baldintzak hobetzera bideratu beharko litzatekeen langileon izerdiaren dirua, Elefante Txuria, hau da, Abiadura Handiko Trena elikatzera doa", salatu dute. "12.000 milioi euro kostako du Abiadura Handiko Trenak, eta enpresa-eliteei bakarrik egingo die mesede, gu bitartean pobreago bihurtuko garen bitartean", gaineratu dute.

"Erromatarrek lan esklabo baliatu zuten galtzadak eraikitzeko eta Baskoien lurretako urrea eta zilarra meatzetatik erauzteko. Horrela, herri basatiak zibilizatzeko aitzakiapean, Erromako Inperioa egonkortu eta zabaldu zuten. Dena zen zilegi, zibilizazioaren izenean", deitoratu dute. Eta alderatu dute gaur egunarekin, esanez AHT langile migratzaileak batez ere eraikitzen ari direla. Hori dela eta, AHTaren lanak behin betikoz gelditzeko aldarrikatu dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Iruñea Nafarroa Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Abiadura Handiko Trena Manifestazioak