Gizartea -
Bizkaia
Leioako nekazal azokari uko egiteari deitu dute, duela urtebete hildako behiaren eskelaren bidez
Avandazako errepidera erori ostean hil egin zen behia. Animalien aldeko mugimenduak horren heriotza gogoratu du hari eskainitako eskela batekin, eta animalien sufrimenduan ez parte hartzeko deia egin die herritarrei.
T.S.J. | EITB MEDIA
Igande honetan, urtero egin ohi den nekazal eta abeltzaintza azoka ospatu dute Leioan, eta animalia mota ugari izan dira ikusgai. Horren aurrean, animaliak ustiatzen dituzten azoken aurka publikoki protestatzeko eta herritarren artean hausnarketa eragiteko, duela urtebete azoka berean hildako behiaren eskela egin du animalien aldeko mugimenduak, eta Leioako hainbat tokitan eskegi ere.
Azokara eraman zuen kamioitik jaistean, behiak irrist egin zuen, izutu, eta ihesean hasi zen. Noraezean, zubitik behera erori zen, Avanzadako errepidera, eta han hil egin zen minutu batzuetan hilzorian egon ondoren.
"2021eko abenduaren 12an, Esperanza izeneko behia hil zen. Kamioi ilun batean sartu zuten, beste animalia batzuekin batera, eta Leioara ekarri, bere habitatetik oso urrun. Urduritasunak eta ezinegonak jota, ihes egiten saiatu zen, eta Avanzadako zubitik behera egin zuen salto. Hil zen. Ez zen inor zauritu edo kalterik sortu. Aurten, nekazal azoka bueltan dugu eta, horrekin batera, Esperanzaren eta beste animalia guztien sufrimendua ere", dio eskelak.
"Ez zaitugu ahaztuko, eta borrokan jarraituko dugu zuek duintasunez artatuak izan arte. Ez dugu ikuskizun iraingarrietan parte hartuko, eta ez diegu gure seme-alabei esango animaliak horrela ikustea polita denik, ez dagoelako ondo. Errespetua eta enpatia irakatsiko diegu. Azokan parte hartu aurretik hausnarketa egitera gonbidatzen zaitugu", amaitu du animalien aldeko mugimenduak.