Gizartea -

Elkarrizketa Euskadi Irratian

Zupiria, Bermeoko biktimek galdegindako barkamenaz: "Gutxieneko onarpena beti izan daiteke lagungarria"

"Biktimek ontzat hartzen dituzte nahita gaizki egin duenak eskatzen duen barkamena eta adierazten duen nahigabea", adierazi du Jaurlaritzako bozeramaileak, Euskadi Irratian. "Pena da Elizak lehenago ez bultzatu izana gaizki egiteak onartu eta barkamena eskatzea", deitoratu du.

Bingen Zupiria, Euskadi Irratian. EITB Mediako bideo batetik hartutako argazkia.
Bingen Zupiria, Euskadi Irratian. EITB Mediako bideo batetik hartutako argazkia.
Zupiria, sexu abusuko biktimek jasotako barkamen eskariaz: ''Gutxieneko onarpen bat lagungarria da''

1:35

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eraso baten edo indarkeriaren biktima izan denarentzat "lagungarria" izan daiteke eraso edo indarkeria horren "gutxieneko onarpena egotea", esan du Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak, Euskadi Irratiko "Faktoria" saioan, asteazkenean, Bermeoko pederastaren biktimek galdegindako barkamen publikoaz galdetu diotenean. "Biktimek ontzat hartzen dituzte nahita gaizki egin duenak eskatzen duen barkamena eta adierazten duen nahigabea", adierazi du Zupiriak. Hala ere, deitoratu du "pena" dela "Elizak lehenago ez bultzatu izana gaizki egiteak onartu eta barkamena eskatzea".

Testuinguru horretan, Jaurlaritzako bozeramaileak azpimarratu du biktimek beti espero dutela "konponketa bide bat": "Batzuetan, justiziaren bidetik etorriko da" konponketa hori, baina, gogora ekarri duenez, "ez da beti posible izaten". "Uste dut gutxieneko onarpena egotea lagungarria izan daitekeela", biktima horientzat, zehaztu du.

Abusuetako eta edozein indarkeria motako aurreko hainbat kasuri aipamena eginda, Zupiriak adierazi du egiaztatu dutela "biktima izan diren pertsona horiek ontzat hartzen dutela nahita gaizki egin duenak eskatzen duen barkamena, bai eta adierazten duen nahigabea ere, egin zuena egin behar ez zuelako".

Jarraian, bozeramaileak Eliza izan du hizpide. Esan duenez, "ondo dago" Elizak bultzatu izana "bere mantalpean gehiegikeriaz jokatu zuten abade eta elizgizon horiek onar dezatela gaizki egiteak, eta barkamena eska dezatela". Deitoratu du, baina, Elizak hori lehenago ez izana: "Pena da ikustea hainbat et hainbat hamarkadatan, nik gehiago ez dakit, nola babestu zituen egoera horiek, eta konturatzea ez zuela lehenago egin eskari hori".

Elizak ez zien eskatu lehenago gehiegikeria horiek egin zituzten abade eta elizgizonei egindakoa onar zezatela, eta horren ondorioz barkamena eska zezatela, eta hori gaitzetsi du Zupiriak, elkarrizketan.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bermeo Eusko Jaurlaritza albisteak Gizartea bideoak Gaurko titularrak Albisteak Sexu erasoak Sexu abusuak Elizan