Gizartea -
Indarkeria matxista
Gizon bat atxilotu dute Getxon, emakume bati etxebizitza batean urtarrilaren 1ean sexu erasoa egiteagatik
Ertzaintzak asteazkenean atxilotu du, eta sexu erasoa igandeko goizaldean egin zuen, Urte Berri egunean. Getxoko Udalak astelehenean bi elkarretaratzetan parte hartzeko deia egin die herritarrei.
EITB MEDIA
Ertzaintzak 29 urteko gizon bat atxilotu du, urtarrilaren 1eko goizaldean Getxoko etxebizitza batean emakume bati sexu erasoa egin ziolakoan. Segurtasun Saileko iturriek jakitera eman dutenez, atxiloketa asteazkenean gauzatu dute, eta gizona epailearen esku utzi dute dagoeneko.
Getxoko Udalaren arabera, biktima udalerriko bizilaguna den emakume bat da, eta erasoa salatu zuen. Bozeramaileen Batzordeak aho batez gaitzetsi dute gertatutakoa. Adostutako testuan, Udalean ordezkaritza duten talde politiko guztiek gaitzespen elkarretaratze instituzionala deitu dute astelehenerako, alegia, urtarrilaren 9rako, 12:00etarako, Udaletxeko eskaileretan, eta herritarrentzako deialdia ere egin dute, asteleheneko arratsaldean, 19:00etan, Areetako lilagunean erasoa gaitzesteko (Bizkaia Zubiaren ondoan).
Adierazpenean, Bozeramaileen Batzordeak "erabat baztertu eta gaitzesten ditu generoen berdintasun ezan oinarritzen diren jarrera sexisten ondorioz sortutako eraso guztiak", eta elkartasuna adierazi dio erasoa jasan duen emakumeari, bai eta babesa eman ere.
Horrez gain, "berdintasuneko eta begiruneko balioak oinarri dituen gizartea lortzeko lan egiten jarraitzea" aldeztu du, "non emakumeek sexu harremanak norekin, noiz eta nola izan nahi dituzten askatasunez erabaki dezaketen. Azken finean, emakumeen nahia erabat errespetatzen duen gizartea lortzeko".