Gizartea -
Lan-gatazka
Donostialdeko ESIko zerbitzuburuek bilera egingo dute gaur protestekin jarraitu ala ez erabakitzeko
Felix Zubia Donostia Ospitaleko ZIUen buruak Euskadi Irratian azaldu duenez, "aurrerapausoak" izan dira Osasun Sailarekin asteon izandako batzarrean, eta elkarretaratzea alde batera uztea eta asanblada egitea erabaki dute.
Felix Zubia Donostia Ospitaleko ZIUen buruak jakinarazi du Donostialdeko ESIko zerbitzuburuek ez dutela egingo elkarretaratzerik gaur, izan ere, asteon Osasun Sailarekin izandako batzarrean "aurrerapausoak" sumatu dituzte.
Zubiak Euskadi Irratiko Osasun Etxea saioan egindako elkarrizketan azaldu duenez, gaurkoan, elkarretaratzea egin beharrean, asanblada egingo dute, eta orduan erabakiko dute elkarretaratzeekin jarraitu ala ez.
Medikuak azaldu du "estilo aldaketa" galdegin diotela Osasun Sailari, "eredu bertikala bukatu dadila". Zentzu horretan, ospitaleko langileek erabakitzeko esparruetan "parte hartzeko prozedurak martxan jar daitezela" eskatzen dute.
"Proposamenak jaso ditugu. Orain lantaldeetan garatu beharko dira, eta asanbladak erabaki beharko du nahikoa den ala ez protestekin jarraitzeko", gaineratu du.
"Lantaldeetan parte hartzeko prest gaude, partehartzea egunerokoan bihurtu dadin eta ospitaleko lerro nagusietan parte har dezagun", nabarmendu du.
Zubiaren esanetan, azken batzarrean "aurrerapausoak izan dira, borondatea azaldu da, eta orain lankideen erantzunaren zain" daude.