Gizartea -
ETXEKO GARBIGARRIAK
Zenbat zikintzen dugu garbitzen dugunean?
Duten toxikotasun mailagatik osasunerako arriskutsuak eta ingurumenerako kaltegarriak izan daitezkeen produktuak erabiltzen ditugu etxeko bazterrak garbitzeko, baina ezagutzen al ditugu benetako ondorioak? Nola eskura ditzakegu gutxiago kutsatzen duten garbigarriak?
ANE SANTESTEBAN | EITB MEDIA
Ontzi-garbigailurako pastillak, labe-garbitzaileak, zorurako detergenteak, aire-freskagarriak, beira-garbitzaileak... Gero eta garbigarri gehiago ditugu etxeko armairuan, horietariko asko oso kaltegarriak, kutsadura-foku izateaz gain, gure osasunerako mehatxu izan daitezkeelako. Ezinbestekoak al dira?
Aiora Urbieta naturopata eta sendabelarretan aditua da, eta urteak daramatza garbigarriak etxean egiten. Kontzientziatzen ari bagara ere, eta gero eta jende gehiagok produktu ekologikoen alde edo etxean egiten direnen alde egiten badu ere, oraindik egiteko asko dagoela aitortu digu.
Buruko minak, azkura, asma, goragalea, nerbio-sisteman eta arnas aparatuan arazoak edo desoreka hormonalak eragin ditzakete organismoan garbigarriek.
Halaber, askok substantzia kimiko kutsagarriak eta arriskutsuak izaten dituzte, eta horiek zaborretara botatzen direnean edo sukaldeko harraskatik edo komunetik behera, ingurumenean kalteak eragiten dituzte.
Dena dela, azpimarratu behar da guztiek ez dutela kalte bera eragiten.
Zeintzuk dira gehien kutsatzen duten garbigarriak?
Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Erakundearen (OCU) arabera, komunontzi-garbitzaileak, labea garbitzeko erabiltzen diren produktuak, libratzaile kimikoak, desinfektatzaileak, bakterioen aurkakoak eta aire-freskagarriak dira arriskutsuenak.
Komunontzi-garbitzaileek kimiko arriskutsuak dituzte, hala nola sodio hipokloritoa edo azido klorhidrikoa; beraz, gehienek azkura sentiarazten dute begietan eta larruazalean. Labe-garbigarriak ere oso arriskutsuak dira. Soda kaustikoa izaten dute, digestio arazo larriak eragin ditzakeen produktua.
Gai arriskutsuen artean sartzen dituzte libragailu kimikoak ere; izan ere, oso kaltegarriak dira, bai gizakiarentzat baita ingurumenarentzat ere, substantzia korrosiboak izaten dituztelako hondakinak ezabatzeko, normalean sosa.
Desinfektatzaileak eta bakterioen aurkakoak ere multzo horretan daude, baita aire-freskagarriak ere, disolbatzaileak dituzten produktuak baitira, eta asma, bronkitisa, migraina eta abar eragin edo areagotu ditzakete.
Eta horren aurrean, ba al dago alternatibarik?
Aukerarik bat baino gehiago daude. Horietako bat da produktu ekologikoak erostea. Substantzia toxiko gutxiago dituzte, biodegradagarriak dira, eta, beraz, murriztu egiten da ohiko kimikoek ingurumenean eta pertsonen osasunean duten eragina.
Beste aukera bat garbiketa-produktuak pisura erostea izan daiteke. Ontziak berrerabiliz, ingurumena babestu eta klima-aldaketa arintzen laguntzen da.
Horretaz gain, etxean bertan egin ditzakegu garbigarriak, osagai naturalak erabiliz. Horrela, dirua aurrezteaz gain, produktu jasangarriagoak erabiliko ditugu, ez baitira kaltegarriak ez ingurumenarentzat ezta gizakiontzat ere, osagai naturalak erabiltzen baitira horiek ekoizteko: gatza, ozpina, bikarbonatoa, limoia, xaboi naturala eta olio likidoa, besteak beste.
Aiora Urbieta etxeko garbigarriak eta produktu kosmetiko naturalak nola egin irakasten aritzen da han eta hemen, tailerrak antolatuz. Berak argi du supermerkatuan erosten ditugunak bezain eraginkorrak edo are eraginkorragoak direla etxean egindako garbigarriak. Horrelako batzuk nola egin azaldu digu: