Gizartea -

Emakumeen Genitalen Mutilazioa

Lau milioi neskatok baino gehiagok jasaten dute urtero genitalen mutilazioa munduan

Gaur Emakumeen Genitalen Mutilazioaren (EGM) aurkako Zero Tolerantziaren Nazioarteko Eguna ospatzen da. Gobernuz kanpoko erakundeen kalkuluen arabera, munduan 200 milioi emakume baino gehiago bizi dira egun praktika horren ondorioekin, eta baliabideak eta kontzientziazioa eskatu dituzte.

Munduan 200 milioi emakumek bizi dituzte genitalen mutilazioaren ondorioak. Argazkia: Pixabay
Munduan 200 milioi emakumek bizi dituzte genitalen mutilazioaren ondorioak. Argazkia: Pixabay
Munduan 200 milioi emakumek bizi dituzte genitalen mutilazioaren ondorioak. Argazkia: Pixabay

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Otsailaren 6an Emakumeen Genitalen Mutilazioaren (EGM) aurkako Zero Tolerantziaren Nazioarteko Eguna ospatzen da. Mundu mailan, kontzientzia sortzeko eguna da, eta gogorarazten digu oso garrantzitsua dela praktika kaltegarri hori betiko errotik desagerrarazteko borrokan jarraitzea eta ahaleginak horretara bideratzea. Izan ere, emakumeen eta nesken aurka egin daitekeen genero indarkeria modurik basatiena da, hainbat GKEk, bat etorrita, salatu dutenez.

Erakunde horien arabera, munduan 200 milioi emakume baino gehiago bizi dira gaur egun emakumeen genitalen mutilazioaren (EMG) ondorioekin, eta, NBEren arabera, lau milioi neskato inguruk jasaten dute urtero organo genitalen anputazio osoa edo partziala. Esperientzia horrek ondorio izugarriak dakartza, fisikoak zein psikologikoak, eta bizitza osorako markatuko ditu. Gainera, Espainiako Estatuan 70.000 emakume baino gehiago daude praktika hori zabalduta dagoen eskualdeetatik etorriak.

Amref Salud Africa bezalako erakundeek praktika hori desagerrarazteko proiektuekin lan egiten dute. GKE horren arabera, 'Afarren Emakumeen Mutilazio Genitalari amaiera ematea' proiektua martxan zegoela jaiotako nesken % 90ek ez dute halakorik pairatu. Gainera, azken bi urteetan, bi urtetik beherako haurtxoen kasuan, % 89,7tik % 14,2ra jaitsi zen.

Praktika horrek tradizioari eta sinesmen sistemei erantzuten die, eta ez du zertan kultura edo erlijio ezaugarriekin lotuta egon. Giza Eskubideen, osasunaren eta emakumeen segurtasunaren urraketatzat hartzen da.

Mitoak dira, besteak beste, emakumeen genitalen mutilazioa Afrikako herrialde guztietan eta kontinente horretan bakarrik egiten dela, erlijioak behartuta egiten dela, higienea bermatzen duela edo gizonen erdainkuntzarekin pareka daitekeela. Horiexek dira, besteak beste, Munduko Medikuak GKEak praktika hori prebenitzeko eta desagerrarazteko bi hamarkada baino gehiagoko lanaren esparruan deseraiki nahi dituen usteetako batzuk.

2022an, Munduko Medikuak erakundeak 735 pertsonari eman zien arreta, eta 3.344 esku hartze sozial, 421 psikologiko eta 249 osasun jarduera egin zituen mutilazioa prebenitzeko eta desagerrarazteko proiektuen esparruan.

Testigantzak

"Jaio eta zortzi egunera, nire alaba erdaindu egin zuten. Gaixotu eta hil egin zen. Harrezkero, zerbait egin nahi izan dut praktika horri amaiera emateko. Ikaragarria izan zen bera sufritzen ikustea", gogoratu du Usman Mohammed Afarreko buruzagi erlijiosoak. Bertan, giza eraldaketa eta lankidetza prozesu bat gertatu da azkenaldian; lider komunitarioen, agintarien eta gainerako herritarren eskutik.

Bitartean, Koldan (Senegal) gazteen lidergo bat sortu da, ablazioaren inguruko iruditeriak deseraikitzeaz arduratzen ari dena. Aldi berean, nesken eta emakumeen osasunerako eta segurtasunerako eskubideari buruzko kontzientzia sortzen ari da, beren kulturaren eta tradizioen berezitasunak oinarritzat dituen aktibismoaren bitartez.

Mariama S. Kanto senegaldar aktibista gazteak, gaur egun aldaketaren eragile eraldatzailea denak, ablazioa jasan zuela kontatzen du, "baina nire alabak ez du inoiz bidegabekeria hau jasango".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Mundua berriak Indarkeria matxista Espainian Gizartea bideoak Prentsa digitalaren azken orduko Albisteak Medikuntza albisteak Mundu matxista Haurtzaroa albisteak Eskubide unibertsalak Gobernuz kanpoko erakundeen albisteak