Gizartea -
Inauteriak
Zeintzuk dira aurtengo mozorro izarrak? Eta originalenak? Dendetan galdetu dugu
Wednesday Addams izango da, zalantza barik, aurtengo inauterien mozorro arrakastatsuena.
EITB Media
Inauteriak ate joka ditugunean, askok mozorroa prest izango dute; beste batzuek, aldiz, zalantzan jarraituko dute. Azken horietako bat bazara, lasai egon zaitezke, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hainbat dendaren arabera gehien saldu den mozorroa, originalena eta urteak joan urteak etorri arrakasta izaten jarraitzen duena zein den esango baitizugu.
Mozorro salduenari buruz galdetuta, denda gehienek ez dute zalantzarik: Addams familiako alaba txikia, Wednesday Addams, izango da izar distiratsuena; telesail horren arrakasta kantutik eta dantzatik harago joan da eta mozorroak ere soka luzea ekarriko du. Gainera, beste denda batzuek animalien pijamen salmenta azpimarratu dute; izan ere, jendeak "eroso" joan nahi du eta horretarako zoologiara jotzen dute askok inauterietarako.
Originalenari dagokionez, aurten ikusi duen mozorrorik bereziena Erresuma Batuko Elizabeth II.a erreginarena izan dela esan digute Jaiak dendakoek. Bakarren bat soldadu eta guzti joango omen da, gainera. Mozorro ezin hobea taldean joateko eta monarkia bera parodiatzeko.
Bukatzeko, inoiz huts egiten ez duten mozorroak, beti gailentzen direnak, urteak igaro arren erabilienak izaten jarraitzen dutenak, ogibideren bati, animaliei, heroiei eta bilauei buruzkoak dira.
________________
1. oharra: Eskerrik asko albiste hau egiten lagundu diguten mozorro dendei: Jaiak (Zaldibia), Disfrazarse.com (Bilbo), Party Fiesta (Donostia eta Bilbo), La casa de las fiestas (Gasteiz) eta Magic (Donostia).
2. oharra: Albiste honek infografia bat du eta ez da zuzen ikusten aplikazioan. Ikusi nahi baduzu, itsatsi esteka hau zure nabigatzailean.