Gizartea -

eGURALDIA

Elurragatik jarritako abisu horia astelehenera arte luzatu dute, eta elur-kota 100 metrora jaitsiko da

Hala eta guztiz ere, iragarpenak dio iganderako eta astelehenerako oso prezipitazio gutxi espero dela.

Elur panpina. Argazkia: Giovanna Santamaria Martin Iturria
Elur panpina. Argazkia: Giovanna Santamaria Martin
Iturria
Elur panpina. Argazkia: Giovanna Santamaria Martin Iturria

agentziak | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak astelehenera arte luzatu du iganderako ezarria zuen abisu horia, elur-kota 100 metrora arte jaitsiko baita.

Hala eta guztiz ere, iragarpenek diote astelehenean eta igandean, nahiz eta elur-kota 500 metrora jaitsi eguerdian eta 100 metrora gauean, oso prezipitazio gutxi botako duela.

Iganderako 3 zentimetro espero dira 600 metrotan eta zentimetro bat 200 metrotan. Astelehenean, berriz, 3 eta 2 zentimetro izango dira, hurrenez hurren.

Bestalde, Segurtasun Sailak amaitu egin du izozteengatik ezarritako abisu hori, baina ohartarazi du oraindik izotza botako duela barnealdean.

Bart Araban izan dira EAEko tenperatura baxuenak: Iturrieta (-8,4 gradu), Kanpezu (-5,5), Agurain (-4,4) eta Abetxukon (-3,6).

Iragarpena

Igandea hotza izango da. Tenperaturak behera egingo du eta ipar-haize biziak hotz sentsazioa areagotu egingo du. Giroa goibelagoa izango da eta prezipitazio apur bat egingo du, batez ere egunaren lehen partean eta azken orduetan. Egunak aurrera egin ahala elur-kota jaitsiz joango da, eguerdian 500 m inguruan egon daiteke eta eguna amaitzerako 200 m-tik behera egongo da. Nafarroa hegoaldean hodeitza ez da hain trinkoa izango eta apenas egingo duen euririk, hala ere, ziertzoa oso zakar ibiliko da eta aroa nabarmen hoztuko du. Berriro ere barnealdeko hainbat lekutan izotza botako du, baina ez du bezperan bezain handia egingo.

Astelehenean negu beteko eguraldiarekin hasiko dugu astea. Giroa motela izango da, behe-hodeiak nagusi izanik, eta elur-kota itsas mailara jaits daiteke, baina prezipitazioa oso eskasa izango da. Iparraldeko haizearen menpe jarraituko dugu, batez ere kostaldean eta mendi inguruetan zakar ibiliko da. Aroa oso hotza izango da, balio altuenak 3-6 ºC-ren bueltan geldituko dira eta beste egun batez izotza egingo du, bereziki barnealdean handia egin dezake.

Asteartetik aurrera tenperaturak egonkortuko egingo dira eta zerua argitzen joango da.

Kontsulta ezazu eguraldiaren iragarpena eta bidali argazkiak eta bideoak eitb.eus-era.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bizkaia Gipuzkoa Nafarroa Araba Iparraldea Eguraldia Gizartea Elurra Eguneko albisteak Albisteak Zuberoa Lapurdi