Gizartea -
EGURALDIA
Euskal errepideetan ez dago aparteko arazorik, elurra eta hotza nagusi badira ere
Hotz handia egin du goizaldean Euskal Herri osoan. Euskal hiriburu guztiak 5 graduren azpitik esnatu dira.
eitb media
Gaur, asteartea, elur-maila 100-400 metro inguruan geratuko da, baina prezipitazio are gutxiagorekin, nahiz eta isurialde atlantikoan ugariagoak izango diren. Halere, elurrak eta hotzak ez dute aparteko arazorik sortu euskal errepideetan. Herrerako mendatea da itxita dagoen bakarra, eta N-1 errepidean, Etzegaraten, arretaz gidatzeko aholkatu dute. Gainera, Segurtasun Sailak ohartarazi du elurra dagoela oraindik ere bigarren mailako 25 mendatetan.
Eusko Jaurlaritzak asteazkeneko 09:00ak arte luzatu du elurragatik ezarritako abisu horia.
Bestalde, Nafarroan gaur, asteartea, egun osoan egongo da indarrean elurragatik ezarritako abisu horia.
Atzo, elurra egin zuen Euskal Herriko txoko askotan, baita itsas mailan ere. Horrela, elurra gogor bota zuen tarteka, eta irudi politak utzi zituen. Kontxako hondartza ere zuritu zuen unetxo batean. Errepideetan, ordea, ia arazorik ez zuen sortu.
Muturreko tenperaturak
Bost graduren azpitik esnatu dira euskal hiriburu guztiak. Donostia izan da 5 gradura iritsi den bakarra. Gradu bat gutxiago neurtu dute Bilbon, bi gutxiago Baionan eta bai Gasteizek eta baita Iruñeak ere gradu bakarra zuten goizeko lehen orduan.
Herrerako mendatean neurtu dute Euskal Autonomia Erkidgeoko tenperatura hotzena (-5,4 ºC), eta termometroak zeroz azpitik geratu dira beste zenbait tokitan ere: Abetxuku (-1,1), Arrasate (-0,5) eta Paganos (-0,2), adibidez.
Iragarpena
Gaur, tenperatura hotzak eta giro traketsak jarraipena izango dute. Maximoak koska bat igo daitezke, baina hotza nagusi izango da beste egun batez, ipar-haizearen menpe jarraituko baitugu, eta Ebro ibarrean ziertzoak zakar joko du. Behe-hodei dezente agertuko dira, Nafarroa hegoaldean ostarte batzuekin. Prezipitazio txikia egingo du, eta elur-mailak baxu jarraituko du, 100-400 metro inguruan.
Bihartik aurrera, tenperaturak gora egingo du, eta zerua argitzen joango da.
Kontsulta ezazu eguraldiaren iragarpena eta bidali argazkiak eta bideoak eitb.eus-era.