Gizartea -

IKERKETA

Arabako Espetxean hilda aurkitu zuten presoaren familiak heriotza ikertzeko eskatu du

Salaketari buruz galdetuta, Nerea Melgosa Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak esan du ez duela horren berririk, eta harrituta agertu da. Dena dela, familiaren kexak aztertuko dituztela ziurtatu du.

Salhaketak, gaur, Gasteizen egindako protesta. Argazkia: EITB Media
Salhaketak, gaur, Gasteizen egindako protesta.
Salhaketak, gaur, Gasteizen egindako protesta. Argazkia: EITB Media

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Arabako Espetxean, otsailaren 28an, hilda aurkitu zuten 22 urteko gaztearen familiak iragarri du kasuan pertsonatuko dela, heriotza zein baldintzatan gertatu zen ikertzea eskatzeko. Hil zen egunean eta aurreko egunetan presoa zein egoeratan zegoen argitzea ere eskatu diote espetxeko arduradunei eta Eusko Jaurlaritzari.

Bere ziegan aurkitu zuten hilda gaztea. 2020ko irailetik zegoen preso, eta ez zuen aktibatuta suizidioak prebenitzeko protokoloa, horretarako "zantzurik ez" zutelako atzeman, Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak azaldu zuenez.

Heriotza hori eta, oro har, espetxe eredua salatzeko, Salhaketa elkarteak elkarretaratzea egin du, gaur eguerdian, Gasteizen. Familiaren izenean, Zuriñe Rodriguezek irakurri du agiria hedabideen aurrean, eta hark jakinarazi du hildako presoaren familiak kasuan pertsonatzea erabaki duela. "Jakin nahi dugu zein egoeratan zegoen hil zen egunean eta aurreko bi astetan. Bildutako informazioa epaitegira eramango dugu, ikertzeko", esan du.

Agirian, bestalde, Eusko Jaurlaritzak presoaren gertukoekin izan duen "jarrera hotza" eta izaten ari diren "oztopo burokratikoak" ere gaitzetsi dituzte. Gorpua, oraindik, ezin izan dutela aberriratu —Aljeriakoa zen hildako presoa— esan du Rodriguezek, besteak beste, haren dokumentazioa "ez dutelako aurkitzen espetxean".

Kontrara, Gasteizko herritarrengandik hasieratik jasotako "berotasuna" eta "elkartasuna" eskertu ditu, baita horiek emadako "laguntza ekonomikoa" ere.

Bere aldetik,  Nerea Melgosa Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak esan du ez duela salaketa horien berririk, eta harrituta agertu da. Dena dela, familiaren kexak aztertuko dituztela ziurtatu du. 

Astearteroko Gobernu Kontseiluaren ondorengo agerraldian galdetu diote Melgosari gaiari buruz. Bertan esan duenez, zendutako presoaren amarekin hitz egiteko aukera izan zuen, eta "oso eskertuta" agertu zitzaion Eusko Jaurlaritzak eskainitako laguntza "psikologiko eta espiritualarengatik".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eusko Jaurlaritza Presoak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Espetxeak