Gizartea -

BIZKAIA

Bi gizon espetxeratu dituzte, Barakaldon mutil bati sexu erasoa eta lapurreta egitea egotzita

Sexu erasoa martxoaren 9an gertatu zen Barakaldoko etxebizitza batean. Gainera, sakelako telefonoa lapurtu zioten.

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

19 eta 20 urteko bi gizon espetxeratu dituzte Bizkaian, Barakaldon mutil bati sexu erasoa eta lapurreta egitea leporatuta, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez.

Ertzaintzak martxoaren 9an jakin zuen Gurutzetako Ospitalean zegoen gazte bati sexu erasoa egin ziotela, eta gertaturikoa argitzeko ikerketa abiatu zuen.

Antza denez, biktimak bi mutil ezagutu zituen goizalde horretan bertan Bilboko aisialdiko lokal batean, eta handik ordu batzuetara haiekin joan zen Barakaldoko bere etxera. Hirurak bere etxean zeudenean, bi gazteek eskuak lotu zizkioten, jo egin zuten eta bizkarrean labana batekin zauritu zuten. Dirua emateko esan zioten, eskuko telefonoa lapurtu zioten eta bi gizonetako batek sexu erasoa egin zion.

Erasotzaileak etxetik joan zirenean, biktimak eskuak askatzea lortu zuen eta Gurutzetako Ospitalera joan zen.

Ustezko erasotzaileak identifikatu ostean, astearte arratsaldean atxilotu zituzten, Bilbon.

Epailearen aurrera eraman eta gero, Bizkaiko espetxera eraman zituzten.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gaurko albisteak Bizkaia Barakaldo Gizartea Gaurko titularrak Eguneko albisteak Espetxeak Sexu erasoak