Gizartea -

'Batasunaren bidean'

8.000 lagunek eskuak batu dituzte gaur Errenteria eta Donostia artean euskara batuari gorazarre egiteko

Ekitaldia Orereta ikastolak sustatu du, eta ikastolen jai guztiek osatzen duten 'Ikastolak Herriari' egitasmoak eta Euskaltzaindiak elkarlanean antolatu dute. 7.000 ikaslek eta ehunka herritar eta euskaltzalek 8 kilometroko ibilbidea osatu dute.

Giza katearen ibilbidea.
Giza katearen ibilbidea.
Giza kate batek Errenteria eta Donostia lotu ditu euskara batuari gorazarre egiteko

0:33

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskal Herri osoko 7.000 ikaslek eta ehunka herritar eta euskaltzalek Errenteria eta Donostia lotu dituzte gaur goizean giza kate erraldoi batean, euskara batuak "herriaren garapenean izan duen balioa" azpimarratzeko eta euskara batuaren sorreran bultzatzaile izan zirenak oroitzeko.

Ekitaldia Orereta ikastolak sustatu du, eta ikastolen aldeko jai guztiek osatzen duten 'Ikastolak Herriari' egitasmoak eta Euskaltzaindiak elkarlanean antolatu dute.

Euskaltzaindiak eta Ikastolen Elkarteak ohar baten bidez azaldu dutenez, giza katea Errenterian, Gamon Zumardian, Koldo Mitxelenaren oroimenez dagoen eskulturaren paretik abiatu, eta Donostiako udaletxe zaharraren eraikinaren parean amaitu da. Bidean, 8.226 metro eta Errenteria, Pasaia eta Donostiako hainbat kale eta plaza zeharkatu ditu giza kateak.

Tarte horretan, bost gune egokitu dituzte antolatzaileek, horietako bakoitzean euskara batuari gorazarre egiteko ekitaldi bat egiteko.

Errenteria eta Donostia arteko giza katea euskara batuaren omenez, drone batetik ikusita
Errenteria eta Donostia arteko giza katea euskara batuaren omenez, drone batetik ikusita
Errenteria eta Donostia arteko giza katea euskara batuaren omenez, drone batetik ikusita

0:44

Ekimen honekin, euskara batuaren sorreran eta gorpuztean nabarmendu diren 15 pertsona oroitu dituzte: Koldo Mitxelena, Resurreccion Maria Azkue, Pierre Broussain, Jose Maria Satrustegi, Julia Berrojalbiz, Xabier Kintana, Raimundo Olabide, Julene Azpeitia, Luis Villasante, Henrike Knörr, Arantxa Urretabizkaia, Arturo Campion, Gabriel Aresti, Jean-Louis Davant eta Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi.

Sustatzaileek azpimarratu duten moduan, baina, "euskara batua gaur errealitate bada, askoz ere pertsona gehiagori esker izan da, horietako asko anonimoak direnak. Beraz, esan dezakegu euskara batua herriak nahi izan duela, herriak sortu duela, eta herriak egin duela bere, erabileraren bidez".

Gainera, ez dago euskara batuaren sorrera adierazten duen historiako une bakar bat. Aitzitik, une asko izan dira, zein baino zein beharrezkoagoak, eta horiek guztiek osatzen duten continuuma da giza kate honek irudikatu nahi duena, erantsi dutenez.

Aldi berean, euskara batuak herriari eman dion guztia nabarmedu du ekitaldiak: "Euskarazko hezkuntza, komunikazioa, gizarte kohesioa edo euskal erakundeak, esaterako, ez lirateke gaur direnak izango euskara baturik ez bagenu. Euskara batuari esker gara, eta garelako dugu euskara batua".

Goizeko giza katearen ostean, arratsaldean jarraitu du aitortzak. Izan ere, 15:00etan, Euskaltzaindiko kideek Orereta ikastola bisitatu dute, eta ekitaldi instituzionala egin dute 17:30ean, Errenteriako Udal Areto Nagusian.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Euskarari buruzko berriak Donostia Bizkaia Gipuzkoa Nafarroa Araba Iparraldea Euskal Autonomia Erkidegoa albisteak Gizartea Gaurko titularrak Pasaia Errenteria Gaurko azken orduko albistea Hezkuntza Euskaltzaindia Zuberoa Lapurdi Nafarroa Beherea