Gizartea -

''Bai bakarrik da bai'' legea

PSOEk ez dio uko egiten aliatuengandik aldendu eta Legea PPren babesarekin erreformatzeari

Podemosek, PPk, Voxek, ERCk, EH Bilduk eta beste batzuek zuzenketak aurkeztu dituzte. Gobernuko kideen arteko jarrerek bere horretan jarraitzen badute, PSOEk PPren babesarekin atera beharko du aurrera erreforma. Podemosek "hausnartzea" eta indar aurrerakoiekin akordioa lortzea eskatu du.

Bandera feminista
Bandera feminista
Bandera feminista

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bai bakarrik da bai legearen aplikazioak nahi ez ziren ondorioak ekarri ondotik hasi zen, martxoan, hura aldatzeko prozesua, PSOEren proposamenarekin. Prozesu horrek erritmo bizia hartu du astelehen honetan Kongresuan, Podemos, PP eta Vox alderdiek zuzenketak aurkeztu baitizkie proposamen horri, epea agortzear zela. Zuzenketa horiek aurrez ERCk eta EH Bilduk aurkeztutakoei batu zaizkie. 

PPren zuzenketen artean (PSOEren erreformak bere proposamenarekin antzekotasun dezente dituela defendatu du behin baino gehiagotan) honako hauek nabarmentzen dira: zigor batzuk gogortzea, "engainuz edo konfiantza edo aginte gehiegikeriaz egindako" eraso sexisten delitua berriz sartzea 18 eta 16 urte bitarteko adingabeentzat, eta sexu-indarkeria sustatzen duten edukiak zabaltzea eta elkarbanatzea zigortzea.

Bestalde, hainbat astez legea aldatzeko Gobernu barruko akordio bat eskatzen aritu ostean, Unidas Podemosek zuzenketak aurkeztu ditu (bederatzi, denera), bere ustez, praktikan adostasunari zentralitatea kentzen diolako proposamen sozialistak, zigorrak handiagoak izan daitezen, indarkeria eta larderia egon diren kasuetarako sexu-erasoa delituaren barruan azpimota astundu bat sortuta. Horren ordez, sexu-erasoa adostasunik ez dagoenean izan dadila eskatzen dute eta indarkeria eta larderia astungarriak izatea. 

Era berean "biktimaren gertukoren batek" egindako kasuetan zigorrak igotzea eskatzen dute, jatorrizko arauan jasotako ahaidetasun- eta bizikidetza-egoera zabalduz, eta erasoa jasan duen pertsonaren borondatea "edozein bide erabilita" deuseztatzen bada, eta ez bakarrik botikak, drogak edo beste substantzia batzuk emanez.

Podemosek adingabeen aurkako sexu-erasoetarako zigorrei buruzko artikulua aldatzea ere proposatu du, eta epaileei eta fiskalei prestakuntza espezializatua emateko epeak azkartzea.

Planteamendu hori ERCk eta EH Bilduk ostegunean aurkeztutako zuzenketetan jasotakoaren antzekoa da. ERCk eta EH Bilduk ere indarkeria eta larderia terminoak kentzea defendatzen dute, sexu-eraso mota penalaren ardatz gisa, biktimaren borondatea baliogabetzeko elementua gehituz, "baimena sexu-harreman baimendu baten eta sexu-eraso baten arteko elementu definitzaile gisa ez mugitzeko".

"Horrek esan nahi du bortxaketa berez indarkeria-mota bat dela ukatzea eta indarkeriarik gabeko bortxaketak daudela baieztatzea", argudiatu dute bi alderdiek, eta adostasunaren definizioa ukatzea ere eskatu dute; izan ere, horien arabera, "ez da ondorioztatuko halakorik dagoenik erresistentzia fisikorik ez izateagatik edo biktima isilik egoteagatik, ezta aurretik izandako sexu-jokabideagatik ere".

Bestalde, Voxek talde-bortxaketak "baterako bortxaketa" izeneko "delitu independente eta espezifiko" gisa tipifikatzea proposatu du, eta esan du fenomeno horrek "lotura estua" duela "mendebaldekoa ez den sistema axiologiko bat duten beste kultura batzuetako delituen inportazioarekin": horregatik, sexu-askatasunaren aurkako edozein delituk Espainian legezko bizilekua galtzea edo lurralde nazionaletik berehala kanporatzea ekar dezala eskatu du, erasotzailea espainiarra ez bada.

PSOEri PP geratzen zaio

Pilar Alegria PSOEko bozeramailearen hitzetan, Unidas Podemosek, ERCk eta EH Bilduk aurkeztutako zuzenketak "ia berdinak" dira, eta "ez dituzte nahi ez diren ondorioak konpontzen".

Horrela, bada, gobernukideen jarrerak mugitu ezean, PSOEk PPren babesarekin atera beharko du aurrera erreforma. Horren aldeko botoarekin, sozialisten testua tramitera onartu zuten Kongresuan. Argazki hori kritikatu du Podemosek, eta "hausnartzea" eta indar aurrerakoiekin akordio batera iristea eskatu dio PSOEri.

Popularrek azken unean erreforma atzera botako duten beldur ote diren galdetuta, PSOEko Zuzendaritza Federaleko iturriek esan dute PPk beste zerbait bozkatu nahi badu bere jarrera azaldu beharko duela.

Zuzenketak aurkezteko epea astelehen honetan itxi ondoren, Kongresuko Berdintasun Batzordeak onartu beharko du erreforma; talde parlamentarioek aurkeztu dituzten proposamenak aintzat hartu edo ez bozkatuko dute bertan.

Izapide hori gainditu ostean, testua urgentziaz izapidetzen ari dira, eta Kongresuko osoko bilkuran eztabaidatuko da apirilaren 20an, ziurrenik, gero Senatura bidaltzeko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Diputatuen Kongresua Politika PSOE Alderdi Popularra Indarkeria matxista Delituak Espainiako Gobernua Espainia Gizartea Indarkeria matxistaren biktimak Eguneko albisteak Albisteak Matxismoa Feminismoa Eraso sexualak gaur