Gizartea -

EITB Data

Zeintzuk dira gehien kontsumitzen ditugun elikagaiak?

Fruta eta barazkiak eta esnea eta esnekiak dira Hegoaldean gehien kontsumitzen ditugun elikagai-taldeak. Maila bat beherago, funtsezko elikagai gehiago agertzen dira, hala nola haragia, ogia, patatak eta arraina.

EITB Media
EITB Media
EITB Media

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Fruta eta barazkiak eta esnea eta esnekiak dira Hegoaldean gehien kontsumitzen ditugun elikagai-taldeak, EITB Datak egiaztatu duenez Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioaren datuekin. Euskadin eta Nafarroan 172 kilo fruta eta barazki kontsumitzen dira pertsonako urtean, Espainiako Estatuan baino 20 kilo gehiago. Esnea eta esnekiak gutxixeago kontsumitzen dira EAEn eta Foru Erkidegoan, 115 eta 113 kilorekin, hurrenez hurren.

Maila bat beherago, funtsezko elikagai gehiago agertzen dira, hala nola haragia, ogia, patatak eta arraina. 48 kilo haragi kontsumitzen dira Euskadin, Estatuan adina; nafarrek, berriz, kilo bat gutxiago jaten dute urtean. Beraz, kontsumoa antzekoa da hiru eremuetan, eta patroi hori patata, lekale, pasta, arroza eta arrautzetan errepikatzen da; produktu merkeak, baina elikaduraren oinarri.

EITB Media

EITB Media

Aldez aurretik izendatutako elikagai-talde guztiak (10 guztira) Foru Erkidegoko kontsumoaren % 75 dira, Euskal Autonomia Erkidegokoaren % 74 eta Espainiako Estatukoaren % 66.

Hala ere, dieta beste elikagai batzuekin osatzen da, eta ez dira hain osasungarriak: opilak, galletak, zerealak eta txokolatea; plater prestatuak; fruta eta barazki eraldatuak; edari alkoholdunak eta alkoholik gabeko edariak. Euskadin eta Nafarroan, bigarren elikagai-multzo horrek kontsumoaren % 21 hartzen du, eta haren pisua Estatuan (% 29) baino zertxobait txikiagoa da, baina ñabardura batzuekin.

EITB Media

EITB Media

Opil, galleta, zereal eta txokolate eta plater prestatuen kontsumoa antzekoa da EAEn, Foru Erkidegoan eta Estatuan, 20, 18 eta 17 kilorekin, hurrenez hurren, elikagaien lehen multzoaren kasuan, eta 12, 11 eta 14 kilorekin, bigarrenaren kasuan. Aitzitik, Euskadin barazki eraldatuen kontsumoa txikiagoa da, 4 kilo; eta Nafarroan, edari alkoholdunena: 22 kilo.

Bestalde, Espainiako Estatuko etxeetan edari ez-alkoholdunen kontsumo handiagoa gertatzen da, ontziratutako urak eta edari freskagarriek baldintzatuta; fenomeno hori ez da errepikatzen Hegoaldean. Horrela, Espainian 111 kilo edari erosten dira, Euskadin eta Nafarroan 70 kilo baino gehiago ez diren bitartean.

Joerak

Elikagaien kontsumoaren joerei dagokienez, 2015 eta 2019 artean, Euskadin behera egin zuen fruta eta barazki freskoen, haragiaren, arrainaren, ogiaren eta pataten kontsumoak. Bereziki esanguratsua izan zen fruta eta barazki freskoen beherakada, urtean 5 kilo per capita gutxiagorekin. Aitzitik, plater prestatuen eta esnearen eta esnekien kontsumoak gora egin zuen.

Epe berdinean pasta eta arroza, olioa, arrautzak, lekaleak, frutak eta eraldatutako barazkiak eta opilak, galletak, zerealak eta txokolatearen kontsumoa mantendu zen.

Joera horiek jendartearen ohitura aldaketaren baieztapena izan daitezke, gizarteak eskuragarritasunaren (ez sukaldatzea), erraztasunaren (oso erraz prestatzea) eta biltegiratzearen (iraungitze handiagoa) alde egiten baitu.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bizkaia Gipuzkoa Nafarroa Araba Euskal Autonomia Erkidegoa Gizartea Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Kontsumoa Elikagaiak gaur albisteak EITB Data Ongizatea eta osasuna