Gizartea -
INDARKERIA MATXISTA
Emakume bat egoera kritikoan, bikotekideak Mostolesen eraso egin ostean
52 urteko gizona atxilotu dute. Emakumea ospitaleratu egin dute, arma zuriz egindako zauri bat baitzuen lepoan.
AGENTZIAK | EITB Media
Espainiako Polizia Nazionalak 52 urteko gizon bat atxilotu du Mostolesen, 40 urteko bikotekideari eraso egitea leporatuta. Emakumea egoera kritikoan dago, 12 de Octubre ospitalean.
Bikotearen 13 bat urteko semea bart goizaldean gertatu den erasoaren lekuko izan da, eta berak eman die abisua bizilagunei, Madrilgo 112 Erkidegoko Larrialdi Zerbitzuek jakitera eman dutenez.
Bertaratu diren agenteek atea eraitsi dute, eta barrura sartu direnean, gizona eta emakumea aurkitu dituzte bertan.
Emakumeari bihotz-birikak suspertzeko ariketak egin dizkiote, arma zuriz egindako zauria tarteko. Pultsua berreskuratu duenean, egoera kritikoan eraman dute ospitalera.
Polizia Nazionalak bere gain hartu du gertatutakoa argitzeko ardura.