Gizartea -

2012ko sanferminak

'Fugado' atzean geratu da eta arriskuan jarri ditu korrikalariak

Hiru pertsona zauritu ditu adarkadaz. Cebada Gago ganadutegiko zezenek hiru minutu eta erdi baino gehiago (3:38) behar izan dituzte ibilbidea bukatzeko.

Gaurko entzierroa arriskutsua izan da. (Argazkia: EFE)
Gaurko entzierroa arriskutsua izan da. (Argazkia: EFE)
Sanferminetako laugarren entzierroa

03:40

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Atzean geratu den zezen batek arriskuan jarri ditu 2012ko sanferminetako hirugarren entzierroan parte hartu duten korrikalariak. Cebada Gago Cadizeko ganadutegiko zezenek hiru pertsona zauritu dituzte adarkadaz, aurtengo entzierro luzeenean.

Telefonikako zatian izan dira adarkadak. Zaurituak Nafarroako Ospitalera eraman dituzte.

Hiru minutu baino zertxobait gehiago (3:38) iraun du gaurko entzierroak. Izan ere, hasieratik bakandu dira zezenak Santo Domingotik zezen plazara arteko 850 metroak egiteko. Gaur asteburuan baino jende gutxiago bildu da, ohikoa den legez.

Ibilbidearen hasieran ez da arazorik izan eta normaltasuna izan da nagusi. Hala ere, Santo Domingoko aldapan bertan zezen bat buruan jarri da eta abiadura handian jarri ditu atzekoak ere. Orduan hasi da atzean geratzen 'Fugado' izeneko zezena.

'Fugado'k ia ibilbide osoa egin du bakarrik eta arriskuan jarritu ditu korrikalariak, Telefonicako zatian batez ere. Hor, buelta eman eta atzeraka hasi da korrika eta hesietan zegoen korrikalari talde baten kontra oldartu da.

Bien bitartean, gainerako zezenek entzierro azkarra eta polita egin dute, tarte handiak utzi baitituzte zezen taldetxoen artean eta korrikaldi politak ikusi ahal izan dira.

Zezen plazara iritsi direnean, Francisco Marco toreatzaileak, arratsaldeko zezenketan parte hartuko duenak, hartu eta bideratu ditu.

Baina 'Fugado'k oraindik atzera eta aurrera jarraitzen zuen, Telefonican korrikalariak arriskuan jarriz. Azkenean behizainek bideratu ahal izan dute zezen plazara.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea