Gizartea -
Sanferminak 2012
Zezen batek lagun bat adarkatu du sanferminetako lehen entzierroan
Dolores Aguirreren zezenak izan dira gaurko protagonistak. Entzierroak 2:53 minutu iraun du eta erorketa anitz izan dira bertan. Gainera, Zezen batek gazte bat arrastaka eraman du plazaraino.
Erredakzioa
Zezen batek 73 urteko lasterkari bat adarkatu du hankan Iruñako Santo Domingoko aldapan larunbat honetan izandako 2012ko sanferminetako lehen entzierroan. Gaurkoan, Dolores Aguirreren zezenak izan dira protagonistak.
2:53 minutuko iraupena izan duen entzierro honetan, taldea sakabatu da, eta, jende andana zegoenez, horrek hainbat erorketa eragin ditu. Halaber, zezen batek gazte bat arrastaka eraman du plazaraino.
Nafarroako Ospitaleak jakinarazi duenez, bost lagun ospitaleratu dituzte: adarkatu duten laguna (bere egoera ez da larria), beste hiru (sorbaldan eta hankan hainbat kolpe jaso ostean), eta azken bat, besoan zauriak jasota. Medikuek artatu ostean, guztiei alta eman diete, adarkatu duten lasterkaria salbu.
Entzierroaren amaieran, atzeratuta geratu den zezen batek arrisku une batzuk eragin ditu plazan. Azkenik, behizainek ukuiluan sartzen lortu dute.