Gizartea -

Hilketa matxista

Gasteizko emakume haurdunaren ustezko hiltzailea atxilotu dute Zaragozan

Guardia Zibilak atxilotu du gizona, taxi batean ihes egiten ari zen bitartean Valentziara bidean.

Hilketa jazo den Gasteizko tokiaren irudietako bat. Argazkia: EITB MEDIA
Hilketa jazo den Gasteizko tokiaren irudietako bat. Argazkia: EITB MEDIA
Hilketa jazo den Gasteizko tokiaren irudietako bat. Argazkia: EITB MEDIA

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Guardia Zibilak atxilotu egin du igande honetan Gasteizko apartahotel batean indarkeria zantzuekin hilda agertu den emakumearen ustezko hiltzailea. Ertzaintzak indarkeria matxistaren barruan kokatu du hilketa, eta, biktimarekin batera, haurtxo bat aurkitu dute egoera onean, baina ospitalera eraman dute, mediku-azterketa egin diezaioten. 

Urruntze-agindua zuen bikotekide ohia desagertuta egon da orain arte. Guardia Zibilak Zaragozan atxilotu du, antza denez, ibilgailu batean Valentziako Erkidegorako bidean ihes egiten ari zela.

Segurtasun Sailak ohar batean azaldu duenez biktimak 32 urte zituen eta Gasteizkoa zen. Ertzaintzak ikerketa zabalik du, hilketaren nondik norakoak argitzeko.

Emakumearen gorpua arabako hiriburuko Gasteiz etorbidean kokatuta dagoen Liberé taldearen aprartahotel batean topatu dute, indarkeria zantzuekin. 

Poliziaren ikerketa zabalik dagoenez, Liberé taldeko iturriek ez dute zehaztu zenbat denbora eman zezakeen emakumeak apartamentuan bizitzen, ezta bakarrik bizi ote zen ere, baina EFEri azaldu dionez Gasteizkoak egonaldi laburretako gelak dira. 

Erreakzioak

Bestalde, Gorka Urtaran Gasteizko alkateak bozeramaileen batzordea deitu du biharko, indarkeria matxistaren aurkako protokoloa abian jartzeko helburuz. Alkatearen asmoa da bozeramaileekin 11:00etan biltzea, eta gaztearen hilketa salatzeko elkarretaratzea 12:00etarako deitzea.

Emakume honena urteko bigarren hilketa matxista da Euskadin. Lehenengoa Lourdes del Hoyorena izan zen, bere bikotekide ohiak maiatzaren 16an Orion (Gipuzkoa) eskopeta batekin tiroz hil zuen, bere buruaz beste egiteko gero.

Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak eta/edo deitu doako telefono hauetara: 900 840 111 (EAEkoa), 016 (Espainiako Estatukoa) edo 3919 (Iparraldekoa, eguneko 24 orduetan erabilgarri, igande eta jaiegunetan 09:00etatik 18:00etara izan ezik). Ez dute fakturan arrastorik uzten, baina bai telefonoan. Beraz, ez ahaztu ezabatzea.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Indarkeria matxista Delituak Gizartea Emakumeen kontrako tratu txarren salaketak Eguneko albisteak Gasteiz Albisteak