Gizartea -

EUSKADI IRRATIA

Bildarratz: "Giro politikoa edozein izanda ere, Hezkuntza Legea adosteko oinarria oso sendoa da"

Hauteskundeen zurrunbiloan giro politikoa nahasia bada ere, Hezkuntza sailburua ziur agertu da horrek Hezkuntza Legeari ez diola eragingo. Horren esanetan, EAJk, EH Bilduk eta PSE-EEk garbi dute "etorkizunera begirako legea dela".

Bildarratz, gaur, Euskadi Irratian
Bildarratz, gaur, Euskadi Irratian
Bildarratz, gaur, Euskadi Irratian

play icon 29:52

IDOIA ALBERDI ETXANIZ | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Hezkuntza lege-proiektuaren inguruko eztabaida abian da Eusko Legebiltzarreko Hezkuntza Batzordean, eta atzo alderdien arteko ezadostasunak agerian geratu ziren berriro. EAJren gobernukide den PSE-EEk bere babesa jarri zuen zalantzan, berriz ere, arauak jasotzen duen hizkuntzen eredua aipatuz. Horren inguruan galdetuta, garrantzia kendu nahi izan dio eztabaidari Jokin Bildarratz Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak. "101 artikulu ditu legeak, eta artikulu jakin batean egon daitezkeen ezadostasunek ezin dute proiektua hautsi", zehaztu du. 

Horrez gain, hauteskundeen ondorengo negoziazio betean tentsio politikoa areagotu den honetan —bereziki, EAJ eta EH Bilduren artean—, Bildarratzek esan du ez duela uste horrek legearen lanketa zapuztuko duenik. Horren ustez, arauaren zirriborroa marrazten hasi zirenetik, argi geratu zen "giro politikoa edozein dela ere", horren "gainetik egon behar zuela lege honek". Hala, sailburuak berretsi du "herri proiektu bat eta etorkizuneko proiektu bat" dela Hezkuntza Legea, eta epe luzera begira landu behar dela. "Oinarri oso sendoa dago EAJren, EH Bilduren eta baita PSE-EEren artean ere, akordio zabal bat adosteko", gaineratu du.

Euskadi Irratian egindako elkarrizketan, PSE-EEk atzo egindako kritikei berriro erantzunez, sailburuak nabarmendu du hizkuntza-ereduak ez direla helburu, tresna baizik, eta irteera profilean jarri du azpimarra. Alegia, ikasle guztiek DBH amaitutakoan izan beharko duten gaitasuna hiru hizkuntzatan (euskara, gaztelania eta atzerriko hizkuntza). Horretarako, halaber, ikastetxe bakoitzak tokian tokiko egoera soziolinguistikora egokitzeko egin beharko duten plangintza da gakoetako bat, horren esanetan.

Bestalde, segregazioari aurre egiteko irizpide berriek datorren ikasturterako matrikulazioan sortu dituzten arazoei buruz ere aritu da. Konpontzeko eta bideratzeko ertzak izan arren, matrikulazioa "modu orekatuagoan" egin dela esan du, eta sortu diren arazoak konpontzeko "borondate osoa" agertu du.

Doakotasunaz ere galdetu diote Bildarratzi, Hezkuntza Legearen beste gakoetako batez. Lege guztiek bezala, doakotasunaren "kalkulu ekonomikoa" aurreikusita dutela esan du, baina behin legea onartzen denean, egoera ekonomikoaren araberako aurrekontua adostea beste pauso bat izango dela gaineratu du. Itunpeko ikastetxeek Jaurlaritzak ordaintzen dituen kontzeptuengatik ezingo dutela kobratu, eta, ezer kobratzekotan, gardentasun osoz jokatu beharko dutela azpimarratu du.

Datozen hilabeteotan korapilo asko askatu beharko dituzten arren, 2024-2025 ikasturterako lege berria indarrean egotea espero du Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
EAJ-PNV Bizkaia Hezkuntza Lege Berria albisteak Eusko Jaurlaritza Euskal Eskola Publikoa albisteak Gizartea bideoak PSE-EE berriak Eguneko albisteak Gaurko azken ordukoa Hezkuntza sistemako albisteak