Gizartea -
Hilketa matxista Galizian
Bere buruaz beste egin du arratsaldean Oian bere bikotekide ohia hil duen guardia zibilak
Arratsaldeko lehen orduan emakumearen gorpua aurkitu dutenetik haren bila aritu da Guardia Zibila, hilketaren egilea zelakoan. Biktimarengandik 300 metroko urruntze agindua zuen.
EITB Media
Arratsaldean Oian bere bikotekide ohia hiltzeagatik susmagarri zen guardia zibilak bere buruaz beste egin du. Guardia Zibilak hilketaren tokitik gertu dagoen mendi batean topatu du eta han, tiro batez bere burua hil du.
Institutu Armatuak Europa Pressi jakinarazi dionez, ustezko egileak bere buruaz beste egin du larunbat honetako 22:15ak aldera, agenteak bere burua entregatu zezan lortzeko ordubete baino gehiagoz harekin hitz egiten egon ostean.
Gizon horrek bere bikotekide ohia, 44 urteko emakumea, hil du gaur arratsaldean, Pontevedrako Oia herrian, O Muíño kanpinaren inguruan,
Iturri berberek adierazi dutenez, kanpineko garbitzaile gisa lan egiten zuen emakumeak, Lugokoa izatez, hainbat tiro jaso ditu lanaldia amaitu ondoren lanetik irteten ari zela.
Hiltzailea A Guardakoa zen eta biktimarengandik 300 metroko urruntze-agindua eta harekin komunikatzeko debekua zuen, baita indarkeria matxistagatik hainbat salaketa ere.
Hilketa arratsaldeko lehen orduan gertatu da, O Muiño kanpinaren inguruan, Mougas parrokian, Baiona eta A Guarda lotzen dituen errepide alboan. Emakumearen gorpua topatu dutenetik, ustezko hiltzailearen bila ibili da Guardia Zibila.
Cristina Correa Oiako alkateak hiru dolu-egun izendatu ditu hilketa tragikoaren ostean.
Hilketa matxista izan dela baieztatzen bada, gaurkoarekin 21 dira Espainian bikotekideek edo bikotekide ohiek aurten eraildako emakumeak, eta 1.025 2003tik.