Gizartea -
Trafiko aldaketak
Lau orduko zirkulazio mozketak egun bakoitzeko, eta 1.700 ertzain errepideetan, Tourraren lehen hiru etapetan
Uztailaren 1etik 3ra, aireportuetarako sarbideetan ere izango dute eragina trafiko aldaketek, Udako Irteera Operazioarekin bat eginda. Tourra EAEko 108 udalerritik igaroko da.
EITB MEDIA
Eusko Jaurlaritzak, hiru foru aldundiek eta lasterketak zeharkatzen dituen udalerrietako udalek Grand Depart Pays Basque 2023rako Euskal Autonomia Erkidegoan inoiz izan den segurtasun operatibo handienetako bat aurkeztu dute gaur, astelehenarekin, eta bidaiak aldez aurretik planifikatzeko eskatu diete uztailaren 1ean, 2an eta 3an ibilgailua hartzeko asmoa dutenei.
Bilboren kasuan, trafiko murrizketak ekainaren 28an hasiko dira, helmugako eremua muntatzeko lanak abiatuko baitituzte orduan. Mozketek eta aldaketek aireportuetarako sarbideei ere eragingo diete, bai eta garraio publikoaren ibilbide eta geralekuei ere; beraz, herritarrei behar besteko aurrerapenaz informatzeko eskatu diete.
Grand Depart Pays Basque 2023ko hiru etapek igaroko dituzten udalerrien zerrenda eta puntu kilometrikoak www.letour.euskadi.eus webgunean daude ikusgai. Gainera, Waze aplikazioaren bidez, informazio guztia emango dute, eta ibilbide alternatiboak eskainiko dituzte.
Mugikortasun murrizketa handiak
Aurkezpenean, euskal erakunde guztiek azpimarratu dute EAEtik igarotzen diren 2023ko Frantziako Tourraren hiru etapetan, oinezkoen eta ibilgailuen mugikortasunari eragingo dieten murrizketak handiak izango direla. Azaldu duten bezala, nazioarteko txirrindularitza-probaren ibilbideak berak eragindako mugikortasun-mugei lasterketak Udako Irteera Operazioarekin eta Itsasarteko Pasabidea Operazioarekin bat egiten duela gehitu behar zaio; bereziki, Irungo mugari, AP-8ari, N-1ari eta AP-1ari eragingo dio.
4 ordutik gorako mozketak
Kalkuluen arabera, Ertzaintzak eta udaltzaingoek lasterketaren zirkuituko kaleak eta errepideak moztuko dituzte, gutxienez, ibilbidearen puntu bakoitzean proba egitea aurreikusita dagoen ordua baino 4 ordu lehenago. Izan ere, txirrindulariak irten baino 2 ordu lehenago, ibilbide beretik, animazioko karabana igaroko da.
Ordu guzti horietan errepidea erabat itxita egongo da ibilgailuentzat. Gainera, etapa bakoitzetik irteerak eta helmugak izango diren 4 udalerrien kasuan, mozketek askoz iraupen luzeagoa izango dute, eta, beraz, Bilbo, Donostia, Vitoria-Gasteiz eta Zornotzan bizi edo bertara hurbiltzen direnek arreta berezia eskaini beharko diote garraio operadoreek emango duten zerbitzu publiko inguruko informazioari.
2.190 mozketa-puntu
Probaren segurtasuna bermatzeko eta nazioarteko txirrindularitza probak zeharkatzen duen zirkuitu itxian oinezkorik, ibilgailurik, objekturik edo animaliarik sar ez dadin, Ertzaintzak 2.190 mozketa-puntu diseinatu ditu. Horietan, segurtasun-ekipoak egongo dira, lasterketarako sarrera debekatuak kontrolatzen.
Datu gehiago
Gune nagusia eta logistikoa Barakaldoko BECen jarriko dute. Egunero, Ertzaintzaren 1.700 agentek hartuko dute parte.
Tourra EAEko 108 udalerritik igaroko da. Lehenengo etapak 38 udalerri zapalduko ditu: Arratzu, Asua, Bakio, Barrika, Berango, Bermeo, Bilbao, Busturia, Derio, Erandio, Ereño, Forua, Galdakao, Gatika, Gautegiz-Arteaga, Gernika-Lumo, Getxo, Gorliz, Ibarrangelu, Kortezubi, Larrabetzu, Laukiz, Leioa, Lemoiz, Lezama, Loiu, Morga, Mundaka, Murueta, Muxika, Nabarniz, Plentzia, Sondika, Sopela, Sukarrieta, Urduliz eta Zamudio. Bigarren etapak, 47 udalerri: Abaltzisketa, Aduna, Alegia, AlegríaDulantzi, Alkiza, Altzo, Amezketa, Andoain, Anoeta, Aramaio, Arkaute (Vitoria-Gasteizko kontzejua), Arrasate, Arratzua-Ubarrundia, Asteasu, Astigarraga, Beasain, Bergara, Dallo (Barrundiako kontzejua), Donostia, Elburgo, Errenteria, Gabiria, Hernani, Hondarribia, Idiazabal, Ilarratza (Vitoria-Gasteizko kontzejua), Irun, Iruraiz-Gauna, LeaburuTxarama, Legazpi, Legutio, Lezo, Marieta (Barrundiako kontzejua), Maturana (Barrundiako kontzejua), Mutiloa, Oiartzun, Olaberria, Oñati, Ordizia, Ozaeta, Pasaia, Segura, Tolosa, Urnieta, Villabona, Zaldibia, Zerain eta Zizurkil. Hirugarren etapak, 28 udalerri: Abadiño, Aia, Amorebieta-Etxano, Amoroto, Berriatua, Berriz, Deba, Durango, Errenteria, Getaria, Hondarribia, Irun, Ispaster, Iurreta, Lekeitio, Mallabia, Markina-Xemein, Mendexa, Mutriku, Oiartzun, Ondarroa, Orio, Pasaia, Zarautz, Zestoa, Ziortza-Bolibar eta Zumaia.