Gizartea -
INDARKERIA MATXISTA
Gizon bat atxilotu dute Legorretan, genero indarkeria delitu bat egotzita
Ertzaintzak larunbatetik iganderako goizaldean atxilotu zuen gizona, baina aske dago. Mugimendu feministak asteburuko erasoa salatzeko elkarretaratzea deitu du 19:00etan, herriko plazan.
EITB Media
Ertzaintzak gizon bat atxilotu zuen larunbatean Legorretan, genero indarkeria delitu bat leporatuta, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak eitb.eus-i baieztatu dionez.
Ez dute salaketarik aurkeztu, baina Segurtasun Sailak ikerketa abiatu du genero indarkeria delituagatik.
Aiuri Legorretako talde feministak asteburuko eraso matxista salatzeko elkarretaratzea deitu du gaur, 19:00etan, herriko plazan.
Legorretako eraso matxista gaitzetsi dute Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak
Legorretako Udalak "gaitzespenik irmoena" adierazi du larunbat goizaldean herriko taberna batean gertatutako eraso matxistaren aurka, eta bere babes osoa agertu dio erasoa jasan duen emakumeari, baita haren ingurukoei ere.
Halaber, emakumearen esku jarriko ditu arreta eta laguntza juridiko, sozial eta psikologikoak.
Adierazpen instituzionalean irakur daitekeenez, erakundeen ardura da herritarron eskubideak bermatzea, baina, era berean "ezinbestekoa da herritar bakoitzaren jarrera aktiboa ere".
Bestalde, Udalak bat egin du mugimendu feministak asteburuko erasoa salatzeko antolatutako elkarretaratzearekin.
Gipuzkoako Foru Aldundiak, bere aldetik, adierazpen instituzional baten bidez, Legorretan larunbat honetan izandako eraso matxista irmoki gaitzesten duela adierazi du. Horrez gain, gaur arratsaldeko elkarretaratzean parte hartzeko deia egiten die herritar guztiei.