Gizartea -
ANIMALIEN ESKUBIDEAK
Jaurlaritzak Konstituzionalera eramango du animalien ongizatearen legea
Aurrez, Jaurlaritzak Aldebiko Lankidetza Batzordean negoziazioa ireki nahi du eta errekurtsoa saihestu. Jaurlaritzaren ustez, Gernikako Estatutuan jasotako eskumen betearazleak urratu egin dira eta euskal arauak garatzeko gaitasuna murriztu egin da.
EITB MEDIA
Gobernu Kontseiluak argi berdea eman dio gaur animalien eskubideak eta ongizatea babesteko legearen aurkako konstituzio-kontrakotasuneko errekurtsoa jartzeari. Eusko Jaurlaritzaren ustez, Estatuko arauak bere eskumenak urratzen ditu, eta, gainera, segurtasun juridikoaren printzipioa urratzen du.
Hala adierazi du astearte honetan Olatz Garamendi Eusko Jaurlaritzako Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuak Gobernu Kontseiluaren osteko prentsaurrekoan.
Halaber, Eusko Jaurlaritzak baimena eman du Estatuaren eta EAEren arteko Aldebiko Lankidetza Batzordean gai horri buruzko negoziazioa irekitzeko, akordioa adosteko; horrela, Konstituzio Auzitegian helegitea jartzea saihestuko litzateke.
Eusko Jaurlaritzaren aburuz, Estatuko legearen artikulu batzuek Gernikako Estatutuan jasotako betearazpen-eskumenak urratzen dituzte, nekazaritza eta abeltzaintza, ingurumen eta osasun arloetan, Animaliak Babesteko Erregistroen Sistema Zentrala arautzen duenean, esaterako.
Gainera, Exekutiboak uste du Estatuko legearen gehiegizko zehaztasunak zaildu egiten diola Euskadiri animaliak babeste aldera arauak garatzeko duen eskumena baliatzea. Hori nabarmena da kultura eta jai-jardueretan animaliak erabiltzeari buruz egiten den erregulazio trinkoan.
Azkenik, Estatuko legeak Estatuari bakarrik aplikatu beharreko oinarrizko ez diren aginduak ere ezartzen dituela uste du, baina edukian autonomia erkidegoei emandako aginduak jasotzen dituztela. Horrek zalantza gaindiezinak sortzen ditu eta segurtasun juridikoaren printzipioa urratzen du.