Gizartea -
Indarkeria matxista
Hilketatik 15 urtera, Nagore Laffage oroitzeko ekitaldia egin dute Iruñean: "Nagore, ez zaitugu ahazten"
Asun Casasola Nagoreren amak eskerrak eman ditu, hunkituta, bertaratutako pertsona guztien babesagatik, 15 urte geroago "familiari babesa ematen" jarraitzen dutelako.
EITB Media
Dozenaka lagunek eta erakundeetako ordezkarik elkarretaratzea egin dute gaur Iruñean, Nagore Laffage duela 15 urteko Sanferminetan eraila gogoratzeko.
Astelehen Lilak elkarteak deituta, "Nagore, ez zaitugu ahazten" lelopean, biktimaren familiarekin batera izan dira Nafarroako Gobernuko, Iruñeko Udaleko eta Foru Parlamentuko ordezkariak.
Ekitaldi hunkigarri batean, Astelehen Lilak kolektiboko bozeramaileek feminismoa aldarrikatu dute "indarkeria matxista kasuei aurre egiteko modu bakar gisa", eta Sanferminak mundu guztiak gozatzeko tokia izan daitezela eskatu dute, baina emakumeenganako errespetuan oinarrituta.
Asun Casasola Nagoreren amak eskerrak eman ditu, hunkituta, bertaratutako pertsona guztien babesagatik, 15 urte geroago "familiari babesa ematen" jarraitzen dutelako.
Astelehen Lilak elkarteak Iruñeko taberna batean gertatutako azken hilketa matxista ere ekarri du gogora, joan den larunbatean gizon batek bere bazkidea eta bikotekidea hil zituenean.
Azken urteotan arlo feministan eman diren aurrerapausoei buruz ere hitz egin dute, eta Foru Gobernua prestatzen ari den biktimei laguntzeko zentroak Nagore Laffage izena izan dezala eskatu dute.
15 urtez Nagore gogoan
2008ko San Fermin egunean, Jose Diego Yllanes 27 urteko mediku psikiatrak Nagore Laffage 20 urteko erizain irundarra ito zuen Iruñeko Iturrama auzoko etxebizitza batean, neskak sexu-harremanak izateari uko egin zionean.
Lantoki berean lan egiten zuten baina Foruzaingoaren ikerketak ezarri zuenez, ez zen inolako loturarik egon Laffageren eta Yllanesen artean, 2008ko uztailaren 7ra arte. Poliziak egun hartan ezarri zuen bien arteko lehen hartu-emana, Iruñeko Pedro I.aren kalean, Yllanesek biktimaren hiru lagunekin hitz egin zuenean. Foruzainek bi gazteen irudiak lortu zituen, Sancho Ramirez kaleko etxebizitzarako bidean, eta, ondoren, Yllanesenak, Unibertsitate Klinikan eta inguruko kaleetan.
Kolpatu eta ito ondoren, atzamar bat moztu zion identifikazioa oztopatzeko eta gorpua plastiko artean ehortzi zuen, Orondritzen (Erroibar). Egun horretan bertatik paseatzen zebiltzan herritar batzuek topatu zuten hilotza.
Egunean bertan atxilotu zuten Yllanes. 27 urteko iruindarrak Nagore Laffage gaztea berak hil zuela berehala onartu zuen eta Aoizko epaileak atxilotua bermerik gabe espetxeratzeko agindua eman zuen jarraian. Bai poliziaren aurrean, baita epailearen aurrean ere, hilketaren egilea bera zela aitortu zuen.
12 urte eta erdiko espetxe-zigorra ezarri zioten, fiskalak eskatutako zigorra, hain zuzen ere. Herri-epaimahaiak homizidioa egotzi zion. Hiltzaileak zortzi urte eta hamaika hilabete eman zituen espetxean Irungo gaztea hiltzeagatik; 2017ko ekainean hirugarren gradua lortu zuen eta 2018an baldintzapean aske geratu zen, arlo pribatuan lan egiteko baimenarekin. 2020tik libre dago.