Gizartea -
Epaia
EAEko Auzitegi Nagusiak atzera bota du ostalarien errekurtsoa Jaurlaritzaren pandemia garaiko neurrien aurka
2021eko Gabonetan, omikron aldaeraren agerraldi betean, ezarri zituzten murrizketak. Auzitegiaren arabera, neurriok "justifikatuta" zeuden, eta ostalaritza elkarteek ez dute horren kontrako "froga nahikorik aurkeztu". Epaia ez da irmoa, eta ostalariek Auzitegi Gorenera jo dezakete.
EITB Media
EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak atzera bota du hainbat ostalaritza elkartek (Gasteizko eta Arabako elkarteak, Bizkaiko Tabernarien Elkartea eta SOS Ostalaritza) koronabirusaren aurka Jaurlaritzak egindako azken murrizketen kontra —2021eko abenduko dekretua— aurkeztutako helegitea. Epaia, baina, ez da irmoa eta ostalariek Auzitegi Gorenera jo dezakete, kasazio errekurtsoa aurkeztuta.
Neurriok duela bi urteko Gabonetan hartu zituen Jaurlaritzak, covid-19aren omikron aldaeraren agerraldi betean. Horien arabera, tabernek 01:00etan itxi behar zuten, eta tabernetan, jatetxeetan eta diskoteketan zutik kontsumitzea debekatuta zegoen. Establezimenduen edukiera % 60koa zen.
Jaurlaritzak ohar bidez azaldu duenez, Luis Angel Garrido epaileak buru duen Administrazioarekiko auzien Salak uste du, ostalariek argudiatu dutenaren kontra, lehendakariak bazuela murrizketok ezartzeko eskumena eta, gainera, "osasun ikuspegitik justifikatuta" zeudela.
Ekainaren 27an emandako epaiaren arabera, Jaurlaritzak aurkeztutako dokumentazioa (bilakaera epidemiologikoaren eta kutsatze arriskuaren datuak, besteak beste) kontuan hartuta, neurriok justifikatuta zeudela. Ifrentzuan, Auzitegiak uste du ostalariek ez dutela Jaurlaritzaren argudioei aurre egiteko "froga nahikorik aurkeztu".