Gizartea -
Indarkeria matxista
44 eta 75 urteko bi gizon atxilotu dituzte Gasteizen bikotekideei eraso egitea egotzita
Lehen eraso matxistan, emakumea ospitalean artatu behar izan zuten. Bigarrenean, biktimak zauriak zituen aurpegian eta lepoan, eta 75 urteko bikotekidearen heriotza-mehatxu etengabeak salatu zituen.
Agentziak | EITB Media
Gasteizko Udaltzaingoak 44 eta 75 urteko bi gizon atxilotu ditu azken orduetan, bikotekideak jotzea leporatuta, Udaltzaingoak ohar baten bidez jakinarazi duenez.
44 urteko gizona atxilotu zuten atzo, bikotekideari eraso egitea egotzita. Emakumea ospitalean artatu behar izan zuten, eragin zizkion lesioengatik.
Bikotearen seme-alaba adingabeen aurrean gertatu zen eraso matxista. Horietako batek, hain zuzen ere, telefonoz deitu zion Poliziari, Batzar Nagusien kaleko etxe batera joan zedila eskatuz.
Gizonak ukatu egin zuen erasoa, eta lesioak emakumeak berak bere buruari eragin zizkiola adierazi zuen, baina odol-arrastoak zituen arropan. Gertatutakoa eta jasotako lekukotzak egiaztatuta, agenteek gizona atxilotu zuten.
Bestalde, Poliziak 75 urteko beste gizon bat atxilotu zuen, emakume bati eraso egitea egotzita.
Eraso matxista Izardui komandantea kaleko etxebizitza batean gertatu zen. Udaltzainek dei bat jaso zuten, eztabaida gogor baten berri emateko, eta agenteek eurek ika-mika entzun ahal izan zuten.
Emakumeak adierazi zienez, bikotekideak hiltzeko mehatxua sarritan egiten dio, eta eraso egin berri zion. Aurpegian eta lepoan lesioak zituen. Gizonak, berriz, gertakariak onartu zituen, eta berehala atxilotu zuten.