Gizartea -
Indarkeria matxista
36 urteko gizon batek bere ibilgailua bikotekide ohia zihoan autoaren kontra jo du Gasteizen
Gizona 04:00ak aldera atxilotu dute, bikotekide ohiarengandik urruntzeko agindua urratzea egotzita. Talka egin zuenean, emakumea beste pertsona batzuekin batera zihoan autoan.
EITB Media
Udaltzaingoak 36 urteko gizon bat atxilotu du Gasteizen, bere ibilgailua bikotekide ohia zihoan autoaren aurka jotzeagatik, azken horrek aurrera jarrai ez zezan.
Goizaldeko laurak aldera atxilotu dute, Tomas Zumarraga Dohatsuaren kalean istripu bat artatzeko patruila bat bertaratu ondoren, Udalak ohar baten bidez jakinarazi duenez.
Dirudienez, udaltzainek bildutako informazioaren arabera, bikotekide ohiarengandik urruntzeko agindua zuen gizonak emakumearen autoaren kontra jo du bere ibilgailua, aurrera jarrai ez zezan. Biktima beste pertsona batzuekin batera zihoan autoan bikotekide ohiaren autoak eurena kolpatu duenean.
Istripuaren ostean, susmagarria autotik jaitsi da, eta ibilgailuaren leihatila jo du biktimari oihu eginez.
Urruntzeko agindua indarrean dagoela egiaztatu ondoren, udaltzainek gizona atxilotu dute, agindu hori urratzea eta genero-indarkeriaren eremuan kalteak eragitea egotzita.