Gizartea -
Genero-indarkeria
Indarkeria matxistak hiru emakume hil ditu 24 ordutan Espainiako Estatuan
Lehen hildakoa 27 urteko emakume bat da; senarrak lepoa moztu zion astelehenean, Almerian. Gaur beste bi emakume hil dituzte bikotekideek: 32 urteko bat Kordoban eta 91 urteko bat Tenerifen.
Agentziak | EITB Media
Gutxienez hiru emakume hil dituzte bikotekideek edo bikotekide ohiek azken 24 orduetan Espainiako Estatuan. Krimen matxistak direla baieztatuz gero, genero-indarkeriaren ondorioz hildakoen kopurua 35era igoko da 2023an (1.219ra 2003tik).
Lehen hildakoa 27 urteko emakume bat da; senarrak lepoa moztu zion astelehenean, Almerian. Biktimak alaba bat eta bi seme adingabe zituen. Beraz, genero-indarkeriaren ondorioz umezurtz geratu diren adingabeen kopurua 36ra igo da 2023an eta 413ra 2013tik, Berdintasun Ministerioak krimen matxista dela baieztatu ondoren.
Gaur beste bi emakume hil dituzte bikotekideek: 32 urteko bat Pozoblancon (Kordoba) eta 91 urteko bat Valle Guerran (Tenerife).
Bi krimen horiek ez dituzte oraindik baieztatu genero-indarkeria kasu gisa, Berdintasun Ministerioa datuak biltzen ari baita. Hala ere, indarkeria matxistaren biktimen kopurua hirura igoko litzateke abuztuan, eta bederatzi hilketa izan dira uztailean.